ZUMAIAKO PLAN ESTRATEGIKOA IRAILEAN AURKEZTUKO DA
Zumaiako Udalak, Plan Estrategikoaren behin betiko aurkezpena irailaren 21ean egingo dela aurreratu du eta bertan, urtean zehar egindako bileren emaitzen eta ondorioen berri emango zaie herritarrei
Era berean, prozesu honen baitan parte hartu duten zumaiar eta herriko eragile guztiei eskerrak eman nahi dizkie Udalak beren inplikazio eta lanagatik
Zumaiako Udalak jakinarazi du, udako oporraldia pasa ostean aurkeztuko duela, Elhuyar Aholkularitza enpresarekin batera, behin betiko Plan Estrategikoa. Horiek horrela, irailaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan, Oxford aretoan, 2015-2025 Biharko Zumaiara Boga Plan Estrategikoaren nondik norakoak helaraziko dira.
Aurkezpen honetan, 2015eko urritik 2016ko maiatzera bitarte egindako 18 bileren ondorioak eta egindako lanaren emaitzak azalduko zaizkie zumaiarrei. Bilera hauetan, 200 bat herritarrek eta herriko eragileek parte hartu dute eta hauei esker ezagutu eta jaso ahal izan ditu Udalak, lehen eskutik, zumaiarren behar, proposamen eta iradokizunak. Orain bai, irailean, informazio hau guztia herritarrekin partekatu eta etorkizunean emango diren urratsen berri emango die Udalak, bertaratzen diren guztiei.
Honen harira, Udaletik, eskerrak eman nahi dizkie prozesu honen baitan parte hartu duten zumaiar zein eragile talde guztiei, beren inplikazioa, esfortzua eta lana ezinbestekoak izan direlako Plan Estrategikoaren garapenean.
Amaitzeko, Udaletik adierazi dute, aurrerantzean Plan Estrategikoak, hauteskunde programan jasotako ekintzekin batera, udal gobernuak legealdian zehar aurrera eramango dituen ekintza eta ekimenak lehenetsiko dituela, betiere, dokumentu hau ezinbestekoa delako herritarren beharretara egokitutako etorkizuneko Zumaia eraikitzeko.