Zabalik dago kiroldegiko ikastaroen 2. hiruhilekoan izena emateko epea

2017/12/21

Ikastaroak astelehenetik ostiralera eskainiko dira goizez zein arratsaldez. Cycling, Gap, Aerobic edo Pilates bezalako ikastaro arrakastatsuak errepikatuko dira eta gainera, 6-15 urte bitarteko haurrei zuzendutako zumba klaseak mantenduko dira.

Urtea amaitzear dagoen honetan, zer hobe datorrena kirola egiten hastea bainoa? Horretarako, ohikoa den bezala ikastaro egitarau zabala eta anitza antolatu dute kiroldegiko arduradunek lehorreko zein uretako jarduerekin. Ikastaroak astelehenetik ostiralera eskainiko dira goizez zein arratsaldez eta adin guztietako zumaiarrek, bazkideek eta bazkide ez direnek ere parte hartu ahal izango dute.

Interesdunek kiroldegian izena eman beharko dute gustukoen duten ikastaroan. Guztiek hiru hilabete iraungo dute: urtarrilaren 8tik martxoaren 28ra, alegia.   

Lehorreko jarduerak

Cycling, cycling mix, total training, gap, aerobic, pilates, mantentze gimnasia edota azkenaldian arrakasta hartu duen TRX-eko ikastaroak dira kiroldegiak eskaintzen dituen lehorreko jarduerak.

Horiez gain Zumba klaseak ere mantenduko dira heldu zein 6-15 urte bitarteko haur eta nerabeentzat. Azken horien kasuan, hiru adin multzotan banatuta eskainiko dira saioak: 6-8 urteko haurrak, 9-12koak eta 13-15ekoak, hain zuzen. Horrez gain, joko eta jolasak ere izango dira aukeran 6-8 eta 8-10 urte bitarteko haurrentzat.

Uretako jarduerak

Uretan murgiltzera animatzen direnentzat berriz, igeriketa ikastaroak eskainiko ditu kiroldegiak. Eta inoiz ez denez igeri egiten ikasteko berandu, 6 hilabetetik aurrerako haurtxoek ere izango dute haien aukera. Bestalde, 3 urtetik gorako haurren ikastaroei jarraipena emango zaie eta helduei dagokionez, igeri egiteko trebetasunaren arabera lau talde osatuko dira: hastapena, erdi maila, hobekuntza eta hobekuntza +. Kasu honetan, ohiko ordutegiez gain, goizeko 07:15ean eta eguerdiko 15:00etan ere igeriketa saioa eskainiko zaie helduei.