Mahai tekniko-politikoa aste honetan hasiko da TAO sistema lantzen
130 zumaiarrek bete dute inkesta, eta idatzizko 20 ekarpen jaso ditu Udalak parte hartze prozesuaren lehen fasean. Mahai tekniko-politikoan ekarpen horiek guztiek landuko dituzte bigarren fasean.
Aparkalekuen erregulazio sistema ezarri zenetik erabilitako prozedurari jarraiki, eta martxoko bilera irekietan agindu bezala, sistema birpentsatzeari ekin dio Zumaiako Udalak. Sistema ahalik eta sinple eta erosoena diseinatzeko herritarrekin batera aztertzen ari da gaia.
Lehen fasean 130 zumaiarrek bete dute inkesta, eta idatzizko beste 20 ekarpen jaso ditu Udalak. Halaber, tarte horretan mahai tekniko-politikoa berrosatzen aritu da. Mahai hori izango da TAO sistemaren aldaketa gidatuko duen espazioa, eta teknikari eta ordezkari politikoez gain, ostalari eta merkatarien ordezkariek eta eremu desberdinetan bizi diren zumaiarrek osatuko dute mahaia.
Herritarren ekarpenetatik zein identifikatutako hutsuneetatik abiatuta, ordenantza berriaren zirriborroa idazteko oinarri nagusiak zehaztuko dituzte mahai tekniko-politikoan. Oinarriak zehaztuta, ordenantza berriaren zirriborroa osatuko dute udal teknikariek. Azkenik, Udalak ordenantza berriaren inguruko informazio bilerak egingo ditu herritarrekin, ekarpen gehiago jasotzeko. Fase horiek beteta, ordenantza onartzeko ohiko pausuak bete beharko ditu Udalak.