"Juego de Tronos" telesaila Zumaian grabatuko da
Zumaiako Udalak aditzera eman du, urritik aurrera, herrian bertan grabatuko direla telesail famatu honen zazpigarren denboraldiko zenbait eszena
Udala oso pozik azaldu da grabaketa honen aurrean, besteak beste, honek Zumaian eta herriko ekonomia zein turismoan gorakada eta onura garrantzitsuak eragin ditzakeelako
Era berean, Udalak azaldu du, abuztutik aurrera, lan poltsa bat sortuko duela prozesu honen baitan, lana egiteko interesa duen ororentzat
Gaur goizean bertan Zumaiako Kirol Portuko jatetxean eman den prentsaurrekoan, herriko alkatea den Oier Kortak behin betiko erantzuna eman dio azken asteetan zehar herrian eta medioetan egon den etengabeko zurrumurruari: “Bai, Juego de Tronos Zumaian grabatuko da”, azaldu du argi eta garbi.
Beraz, konfirmatuta. Herriko Itzurun hondartza eta Flysch-a izango dira HBO ekoiztetxearen telesail famatuenaren agertoki berria. Bertan grabatuko dira zazpigarren denboraldiko hainbat eszena, Zumaia izanik, telesail honek Gipuzkoa mailan aukeratu duen lehen herria. Gogoratu, Juego de Tronos jada Espainiako hainbat herrialdeetan grabatu dela, hala nola, Peñiskolan edo Sevillan eta iaz, Nafarroako Bardean ere izan zen.
Zumaiako Udalak azaldu du, irailean zehar muntatuko dituztela Itzurunen agertokiak- inoiz ez hilaren 15a baino lehen- eta lan hauek, 3 edo 4 aste inguru luzatuko direla. Nahiz eta oraindik ez dagoen grabaketetarako egun zehatzik ezarrita, urriren 26an hastea aurreikusita dute telesaileko langileek. Herriko alkateak, Oier Kortak azaldu du grabaketa lanek 5 egun inguru iraungo dutela eta bien bitartean, Itzurungo hondartza itxita egongo dela, langile zein aktoreen lana ez oztopatzeko.
Lan poltsa irekia
Era berean, Kortak jakinarazi du, abuztuan, lan poltsa bat sortuko duela Udalak, prozesuan zehar parte hartu edo lana egiteko interesa duen ororentzat. Alkateak esan du, pertsona ugari beharko dituztela, mota askotariko lanak betetzeko: peoiak, gidariak, garbiketa taldeak, figuranteak…
Herriko turismoa bultzatzeko aukera ezin hobea
Azken urteotan, hainbat film eta telesail grabatu dira Zumaian, besteak beste, 8 apellidos vascos, Zipi eta Zape 2, Haundiya edo Lasa eta Zabala. Baina oraingoan, Juego de Tronosen grabaketarekin, Zumaiak, urrats bat gehiago emango du: nazioarteko bilakatuko da. “Oso pozik gaude, mundu mailan hain garrantzitsua den telesail bat, hemen, gure herrian grabatuko delako. Dudarik gabe, hau zeharo onuragarria izango da Zumaiarentzat, herritarrentzat eta hemengo turismoarentzat” azaldu du alkateak. Jakina da Juego de Tronos telesailak, milaka milioi jarraitzaile dituela, eta aurten Zumaian grabatzeak, turista ugari erakarri ditzake herrira. Honek noski, “eragin zuzena izango du herriko ekonomian baita tokiko merkataritza zein ostalaritzan ere eta ziurrenik, honen eraginez lanpostu berriak ere sortuko dira, beraz, edonola begiratuta ere, guztiontzat aukera paregabea dela iruditzen zait” adierazi du alkateak. Halaber, zumaiarrek, nazioarteko telesail famatuenaren grabaketa gertutik bizitzeko aukera izango dute eta honek, aldi berean, “gure herriak duen xarma eta edertasuna mundu mailan ezagutzera emateko aukera ere emango digu guri” amaitu du alkateak.