Zumaian erroldatuta dauden atzerritarrek udal hauteskundeetan bozkatzeko eskaera egin dezakete

2022/12/23

2023ko maiatzaren 28an izango dira udal hauteskundeak, eta Zumaian bizi diren hainbat jatorritako atzerritarrek botoa emateko aukera izango dute. Urtarrilaren 15ean edo 30ean amaitzen da eskaera egiteko epea, jaioterriaren arabera.

Zumaian bizi eta erroldatuta dauden atzerriko egoiliarrek maiatzaren 28an egingo diren udal hauteskundeetan botoa eman ahal izango dute, baldin eta hartarako eskaera egiten badute. Urtarrilaren 15ean edo 30ean amaitzen da eskaera egiteko epea, jaioterriaren arabera.

Europar Batasuneko herrialdeak, Suitza eta Liechtenstein

Europar Batasuneko herrialderen batetik edota Suitza edo Liechtensteinetik etorritako egoiliarrek aurrez botoa eman badute ez dute aparteko tramiterik egin behar, hautesle erroldan agertuko baitira, dagoeneko.

Aurrez botorik eman ez badute, berriz, eskaera egin behar dute, urtarrilaren 30a baino lehen. Eskaera Espainiako gobernuaren estatistika institutuaren web atariaren bidez bete daiteke edo inprimakia deskargatu eta posta arruntez Hautesle Erroldaren Bulegora bidali daiteke.

Beste hainbat herrialde

Europar Batasunetik kanpoko zenbait herrialdeetako herritarrek ere botoa emateko eskaera egin dezakete. Hauek dira Espainiarekin hitzarmena duten herrialdeak: Bolivia, Cabo Verde, Txile, Kolonbia, Korea, Ekuador, Islandia, Norvegia, Zelanda Berria, Paraguai, Peru, Erresuma Batua edo Trinidad eta Tobago.

Hainbat baldintza betez gero, botoa emateko aukera izango dute:

  • Goian aipatutako herrialde batean jaio izana
  • Gaur egun Zumaian erroldatuta egotea
  • Espainian bizitzeko baimena indarrean izatea
  • Espainian 5 urtez bizi izana

Hauteskunde Erroldaren Bulegoak baldintzak betetzen dituztenei komunikazioa bidali die, eskaera inprimakiarekin. Hori beteta posta arruntez edo bide telematikoz aurkeztu dezakete.

Gutuna jaso ez duenak, webgune honetan eskatu dezake: https://sede.ine.gob.es.