Bandoa kaleratu du Udalak segurtasun neurriak gogorarazteko

2020/07/20

Zumaiako Udalak, udalbatza osoaren adostasunarekin, herriko eragile eta komertzio hainbatekin batu ostean, herritarrak kontzientziatzeko eta Covid-19az babesteko hartu beharreko neurriak gogorarazteko bandoa kaleratu du.

Zumaiako Udalak, udalbatza osoaren adostasunarekin, ondorengoa jakinarazi nahi die herritar guztiei:

1.- Ospakizunek edota pertsonen kontzentrazioek COVID-19a transmititzeko arriskua dakarte, eta herritar guztion erantzukizuna da arrisku hori saihestea. Halaber, gogorarazi nahi dugu maskararen erabilera derrigorrezkoa dela.

2.- Uda honetan ez da Zumaian jairik ospatuko. Ez Gala Eguna, ez Euskal Jaia, ez Koadrila eguna eta ezta Olarro Eguna ere. Beraz, herritarrei eta gizarte-eragileei eskatzen diegu jairik edo ekitaldirik EZ antolatzea eta EZ ospatzea.

3.- Uda honetan kultura- edo entretenimendu-jarduerak, eta ikuskizunak, izango dira, baina betiere edukiera kontrolatuz eta pertsonen artean gomendatutako distantzia fisikoa mantenduz.

4.- Ostalaritzari dagokionez, gogoratu Osasun Saileko azken aginduak esaten duena: maskara derrigorrezkoa dela, distantzia fisikoa (1,5m) mantendu behar dela, 10 lagunetik gorako taldeak ezin direla osatu eta establezimenduz kanpo kontsumitzea debekatuta dagoela. Baita ere, gogoratu ordutegiak ezin direla luzatu eta, beraz, neguko astegunetako itxiera ordua izango dela indarrean (1:00a alde batetik, eta 2:30ak bestetik). Honekin batera, elkarte gastronomikoei ere ordutegi hori errespetatzea dagokiela adierazi nahi dugu.

5.- Bereziki eskatzen dugu pilaketak izaten diren guneetan horiek saihestea, hala nola Arranpla, Ondartxo plazako eskilarak, Upela plaza edo beste antzeko edozein. Halaber, kalean zurrutean jardutea erabat debekatuta dago, eta gazte-lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan edozein jarduera egitea ere bai.

6.- Azkenik, esan, Zumaiako Udala Osasun Sailarekin harreman estua mantentzen ari dela eta edozein arrisku egoera sortuko balitz, unean berean jakinaraziko zaiela herritarrei, hartu beharreko neurriekin batera. Beraz, zurrumurruak ez direla informazio iturri egokia.