Udal Gobernuak 2021eko zerga eta tasa guztiak izoztea proposatuko du
Covid-19ak sortutako egoera ezegonkorraren aurrean “herritarrak ez estutzea” da helburua. Urriaren 13ko osoko bilkuran aztertuko dituzte ordenantza fiskalak.
Zumaiako Udaleko gobernu taldeak, oposizioko udal taldeekin gaia landu ostean, 2021eko Ordenantza Fiskaletarako proposamena eramango du datorren asteazkeneko Batzorde Informatzailera. Egungo egoera ezegonkorra kontutan hartuta, zerga eta tasa guztiak izoztea proposatuko du bertan, eta ixteko dauden zehaztapenak landuko ditu. Proposamena urriaren 13ko osoko bilkuran aztertuko dute.
Halaber, Udal Gobernuak nabarmendu du Zumaiako Udala ahalegin handia egiten ari dela dirulaguntzak mantendu eta kalitatezko zerbitzuak bermatzeko. Dena den, Zumaiako Udalaren egoera finantziarioa ondo bideratuta dagoela nabarmendu dute.
Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-bilketa jaitsi dela iragarri ondoren, 2021ean Zumaiako Udalak ere ohi baino kopuru baxuagoa jasoko duela aurreikusten da. Gainera, 2020. urtean, udalak ez ditu aurreikusitako 1.500.000 euro jaso funts horretatik. Erabaki horiek “egoera zailean eta babesgabe uzten dituzte Udalak, baina ahalegin berezia egiten ari gara kalitatezko zerbitzuei eusteko”. Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote fiskalitatea egungo egoerara egokitzeko.