Julio Beobideren ‘Jesusen bihotza’ bustoa zaharberritu du Rakel Nacentak

2020/10/27

Parrokian egongo da ikusgai abenduaren 13ra arte.

Julio Beobidek egurra eta polikromatua erabiliz egindako bustoa ikusgai dago Zumaiako San Pedro Parrokian. 1925 inguruko lana dela uste dute arte historialariek, eta Rakel Nacenta zumairrak egin ditu zaharberritze lanak. Halako lanak Zumaiako Udalak herriko artelanak zaintzeko eta beharrezkoa den kasuan zaharberritzeko duen planaren baitan kokatzen dira.

Ana Maria Gutierrezek Julio Beobide, un escultor del pueblo liburuan azaltzen duenez “idulki gaineko busto bat da, irudi erdikoa”. “Tunika ireki batez estalita dagoen Kristoren irudi sakratua irudikatzen du, non bere bular biluzia eta bere bihotz sutsua ikusten diren”. 75 zentimetroko altuera du lanak, eta metro erdiko zabalera eta sakonera.

Zumaiako Udalaren jabetzakoa da bustoa, eta hainbat urtez udaletxeko pleno aretoan egon da. Orain, Parrokian dago ikusgai, abenduaren 13ra bitartean.