Sapere Aude Sinfoniettaren kontzertua

Noiz
Abuztuak 2
Non
Zumaiena aretoa

Datorren abuztuaren 2an, Zumaiako Nazioarteko XXXVI. Musika Jaialdiaren barne, eta jaialdiko orkestra egoiliarra bezela, Sapere Aude Sinfoniettaren kontzertu ederra izango dugu. Kontzertua Zumaiena Ikastetxeko Antzokian izango da 19:30ean eta Elgarren Enigma Variations eta Rachmaninoffen Symphonic Dances izango dira entzungai, George Morton eta Ian Farringtonek eginiko ganbara bertsioetan, Alain Ayerdiren zuzendaritzapean. Sapere Aude Sinfoniettaren kontzerturako sarrerak erosi beharko dira.

Zuzendaria: ALAIN AYERDI

Egitaraua:

  • EDWARD ELGAR: ENIGMA VARIATIONS FOR CHAMBER ORCHESTRA (ARR GEORGE MORTON)

  • SERGEI RACHMANINOFF: SYMPHONIC DANCES FOR CHAMBER ENSEMBLE (ARR: IAN FARRINGTON)

COVID-19ak sortu duen egoerak, programazioak egokitzera behartu du kasurik onenean, kontzertu honetan izan den bezala. Eta aldaketa horren ondorioz, XVI. mendeko ohitura batean murgildu gara: jatorriz talde haundi baterako idatzitako konposizioak talde txiki baterako edo tresna bakar baterako egokitzea. Geroago, klasizismoan, modan jarri ziren obra sinfonikoak pianoarentzako egokitzea, eta horrela kontzertuan gozatu zutenek gozatzen jarraitu zezaketen beren etxeetan. Antzokietan arrakasta zuten opera-arietako orkestra-zatiak ere, egokitzen ziren. Baita kaleetan aritzeko Harmoniemusik taldeekin (haize-instrumentuen taldeak). XIX. mendean mantendu zen moda honek beste dimentsio bat hartu zuen, Liszt edo Beethoven bezalako konpositore handiek teknika hori erabili zutenean. Eta XX. mendearen hasieran, Verein für musikalische Privaufführungen-en (Schönberg-ek Vienan sustatu zuen elkarte historikoa) antolatzen zituen kontzertuetan musika garaikidea zabaltzeko moldaketa interesgarriak egin ziren, egun kontzerturako errepertorio gisa mantentzen direnak.

Enigma bariazioak Elgarrek hurbileneko lagunei egindako erretratu intimoak dira, 1899an osatu ziren eta konpositorearen lan goraipatuenetako bat dira. G. Mortonek egindako obraren egokitzapen hau talde txikiarentzako dago antolatuta, baina, aldi berean, orkestra sinfoniko oso baten handitasunari eusten dio. Hasiera fin eta xumetik hasi, Nimrod epiko eta handienera arte, abiadura bizia duen amaierarekin. Orkestrazioaren helburua Elgarren jatorrizko lanaren distira eta berotasuna mantentzea da.

Rachmaninoffen Dantza Sinfonikoek konpositorearen estiloaren erromantizismo oparoa eta egitura zehatza eta energia erritmikoa konbinatzen dituzte. I. Farringtonen moldaketa honen helburua orkestra irudi oso bat sortzea da, talde txikiagotik abiatuta, Rachmaninoffen partiturako musika-tresnak bakarrik erabiliz. Banakako lerroen argitasuna entzuteak partituraren alderdi ezkutuak ezagutaraz ditzake, interpretazio eta entzumen-esperientzian intimitatea gehitu dezake, eta lan hau leku txikiagoetan eskaintzeko aukera eman dezake, … moldaketen jatorria den bezala.