Aintzane Usandizaga eta Karmele Mitxelena izan dira 27. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak

2014/11/27

Aintzane Usandizaga Lopezen 'Kolokan' lana izan da irabazlea, eta Karmele Mitxelena Etxebestek jasoko du bigarren saria. Sari banaketa, abenduaren 3an, 19:00etatik aurrera egingo da Alondegian. Ondoren, Pako Aristi eta Itziar Gomezen 'Urari ostutako poemak' emanaldia izango da.

 

Urriaren amaieran bildu zen epaimahaia lehiaketa erabakitzeko. Bertan izan ziren, Ana Urkiza, Yolanda Arrieta eta Josu Waliño, Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen botorik gabe. Aurten ere lan mordoxka aurkeztu da, 51 ipuin hain zuzen ere, horietatik bi baino ez dira izan zumaiarrenak. Aurten Zumaiako onenaren saria hutsik gelditu da, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako bi lanek ez zutelako saria emateko adinako mailarik.

 

Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanean artean, onenak ondorengo hauek direla erabaki dute epaimahaia osatu duten idazleek:

 

1. saria. Aintzane Usandizaga Lopezentzat KOLOKAN ipuinari esker eskuratu du. Oso ipuin sentsoriala da epaimahaiaren iritziz, narratzailearen ahotsa nabarmentzen da eta hortik eraikitzen da ipuina. Fokua, ikuspegia ezberdina, ume baten ahotsa baita, ez da ordea, umekeriatan erortzen. Haurra ez ohikoa den leku eta momentu batean aurkitzen da baina berak beste kezka batzuk ditu. Erritmoa pausatua da, oso gustura jarraitzen dena eta azkenean amaiera ere oso literarioa du.

 

2. saria. Karmele Mitxelena Etxebestek irabazi du AITAREN ZAPATAK ipuinarekin. Ipuin honetan hiritik herrirako bidaia bat kontatzen da estilo bikainarekin. Informazioa poliki-poliki emana dator, eta sentsazioak kontatzen dira oso modu zinematografikoan kontatu ere. Amaiera arte tentsioa mantentzen du eta bukaeran izenburuari zentzua ikusten zaio.

 

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 3an izango da, euskararen egunean bertan, 19:00etan, Alondegian. Bertan Pako Aristik eta Itziar Gomezek Urari ostutako poemak emanaldia eskainiko dute. Ekitaldia irekia izango da eta mundu guztia dago gonbidatuta bertan parte hartzera.