Astelehenetik aurrera zabalik egongo dira udaletxea eta turismo bulegoa, baina joan aurretik telefonoz deitu beharko da

2020/05/22

Maiatzaren 26tik aurrera zabalik egongo dira turismo bulegoa eta udaletxea. Eskaera eta tramitazio gehienak telefono bidez edo modu telematikoan egin daitezkeela argitu dute, eta bertara joatea ezinbestekoa izatekotan, hitzordua telefonoz emango dutela.

COVID19 birusa dela eta sortutako egoeragatik eta Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioak aintzat hartuta, Zumaiako udal eraikinak itxita egon dira martxoaren erdialdetik

Astelehenetik aurrera, udaletxea eta turismo bulegoa zabalduko dituzte, baina ahal den kasu guztietan telefono bidezko arreta edota tramitazio telematikoa lehenesteko eskatu du Udalak.

Eskera eta tramitazio gehienak telefono bidez edo telematikoki egin daitezkeela argitu dute, eta bertara joatea ezinbestekoa bada, telefono bidez emango zaie hitzordua herritarrei.

Zalantzak, eskaerak eta tramitazioak telefono bidez egitea errazteko, hainbat telefono zenbaki zehaztu ditu Udalak:

  • Ibilgailu edo TAO erreziboak, tasak eta bestelako diru-kontuak: 943 86 51 69
  • Hirigintzako kontuak: 943 86 50 33
  • Idazkaritza, Alkatetza, Pertsonala, Euskara, Berdintasuna kontuak: 943 86 50 25
  • Turismo bulegoa: deskontu bonuen sistema eta bestelakoak: 943 14 33 96

Herritarra udaletxera joatea ezinbestekoa den kasuetan, hitzordua eskatu beharko da aurrez. Gainera, udaletxean ezarritako segurtasun protokoloak bete beharko ditu, herritarren zein udal langileen segurtasuna bermatzeko:

  • Maskara jantzita joan beharko da
  • Sarreran eta irteeran eskuak garbitu beharko ditu
  • Beharrezkoa izango da uneoro 2 metroko distantziak mantentzea
  • Boligrafoa erabiltzea ezinbestekoa bada, norberak eraman beharko du etxetik (telefono bidez zehaztuko da)

Bestelako eraikin eta zerbitzuak martxan jartzeko baimenak iritsi bitartean, horiek irekitzean bete beharreko protokoloak lantzen ari da Udala.

Gizarte Zerbitzuak martxan

Branka eraikinak itxita jarraituko du, baina maiatzaren 18tik aurrez aurreko arreta eskaintzen ari dira gizarte langileak.

Dokumentuen entrega modu telematikoan egitea lehenetsiko da, baina  herritarrei aurrez aurreko arreta zerbitzua eskainiko zaie beharrezkoa bada, betiere aurrez hitzordua hartuta.

943 86 22 00 / 633442256 / brankaharrera@zumaia.eus

Gainera, herritarrei eskatzen diete, bulegora joan aurretik beharrezko babes neurriak hartzea; hala nola, maskarak jantzita joatea eta distantziak mantentzea.

Igogailuak martxan

Zumaiako igogailu publikoak martxan jarri dituzte aste honetan zehar. Astelehenean Beheko Plaza eta San Jose lotzen dituen igogailua, Jadarre auzokoa eta Ardantzabidekoa jarri zituzten martxan. Alondegiak oraingoz itxita jarraituko badu ere, Mari kalera igotzeko balio duen igogailua asteartean ireki zuten.

Igogailuak erabiltzean, erabiltzaileek hainbat arau bete beharko dituzte:

  • Igogailua erabili aurretik, eskuak garbitu beharko dira, igogailuaren kanpoan dagoen xaboiarekin
  • Maskara jantzita soilik erabili daiteke igogailua
  • Arau orokor gisa, igogailua bakarrik erabili ahal izango da. Dena den, bizikideek eta zaintzaileek batera erabili ahal izango dute igogailua