Aurrera atera da Torreagaberriko hitzarmena

2018/09/27

Gaurko osoko bilkuran behin-behineko onespena eman dio udalbatzak gobernu taldeak etxebizitza babestu zein tasatua bultzatzeko landu eta aurkeztutako hitzarmenari. Horrez gain, gainerako aztergaien artean, EH Bilduk Alokairu Beka programari aurkeztutako egokitzapenak onartu dira.

Gaur arratsaldeko 18:00etan ohiko osoko bilkura egin du Zumaiako Udalak eta eguneko aztergaien artean, gobernu taldeak herrian etxebizitza babestu zein tasatuaren eraikuntza bultzatzeko uztailean aurkeztutako Torreagaberri hitzarmenaren onespena nagusitu da. Izan ere, udalbatzak behin behineko onespena eman dio aipatu hitzarmenari EAJ-PNV, PSE-EE eta Jon Iraolaren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin da.

Akordio horrek jasotakoari jarraiki, Torreagako eremuan 250 etxebizitzen eraikuntza aurreikusten da, horietatik 50 tasatu eta beste 50 babestuak izango direnak, hain zuzen.

Hitzarmen hori lortzeko bidea luzea izan da, 2003-2007 legealdian heldu baitzion orduko EAJ-PNVren udal gobernuak akordioa lantzeko lehen urratsak emateari. Tartean hainbat legealdi aurrera pausorik eman gabe igaro ostean, ordea, egungo udal gobernuak Udalera sartu orduko heldu zion berriro gaiari, horretarako bidean uneoro etxebizitza babestu zein tasatua lehenetsiz. “Orain, bi urteko negoziaketen ondoren eta gaurko urrats honen ostean, etxebizitza tasatu zein babestua berriro ere errealitate bilakatuko da herrian”, azaldu du alkateak, Oier Kortak.

Halaber, gainerako aztergaien artean, hirigintza arloan, behin-betiko onartu da hondartzetako erabilpena arautzen duen ordenantza eta pertsonal arloan, aldiz, Estatuko aurrekontu orokorraren 6/2018 legeak agindutakoari jarraiki, Zumaiako Udaleko zein kirol patronatuko langileen ordainsarien igoera onartu da.

Proposamenen atalean, halaber, aurrera atera da EH Bilduk hondartzetako sorospen zerbitzuaren inguruan aurkeztutako proposamena. Horren bitartez, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiari aipatu zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartzea eskatzeko konpromisoa hartu du udalbatzak, nahiz eta horren harira, alkateak adierazi duen Aldundian martxan dagoela dagoeneko kostako herriekin elkarlanean, “Hondartzen Kudeaketa Integrala Mahaia”, horren bitartez, sorosleen gaia eta bestelako hainbat gai tratatzeko. “Hain zuzen EH Bilduren proposamenean jasotako neurriak jada lantzen hasiak gara mahai horretan”, argitu du.

Horrez gain, aurrera atera dira ere EH Bilduren udal taldeak “Alokairu Beka” programari egindako proposamenak.

Horien arabera, diru laguntza jaso ahal izateko alokairuaren prezio muga 600€tatik 700€tara handituko da eta 10 urteko errolda epea 2 urtera jaitsiko da. Izan ere, EH Bilduk adierazitakoaren arabera “Zumaiako etxebizitzen alokairua 600€tik baino 700€tatik gertuago dabil eta horrez gain, orain arteko errolda epea gehiegizkoa deritzogu, beka edo laguntza hau ahalik eta gazte gehienei helaraztea baita gure helburua, horregatik proposatu dugu 2 urtera jaistea”.

Aipatu proposamenak aurrera atera dira EH Bildu, PSE-EE eta Jon Iraolaren aldeko botoekin. EAJ-PNVren udal gobernua aldiz, abstenitu egin da. Horren harira, alkateak, gobernu taldearen erabakia argitu nahi izan du: “Alokairu Bekaren” oinarriak erabakitzeko garaian, udal gobernu honek Zumaiako alokairu merkatuaren azterketa sakona egin zuen eta hain zuzen azterketa horren emaitzetan oinarrituta ezarri ziren bai alokairuaren prezio muga zein 10 urteko erroldaren irizpidea, besteak beste. Datuekin aski frogatuta gelditu da Zumaian badirela 600 edo 600€tik beherako etxebizitzak alokairuan. Gaur egun, esaterako, alokairurako diru laguntza sozialak (GLL-EPO) jasotzen dituzten 85 etxebizitzetatik %85ak 600€tik beherako alokairua dute. Etxebizitza horiek, agian, ez daude nahi bezain erdigunean kokatuta, baina ezin daiteke esan, Zumaian ez dagoenik 600€tik beherako alokairurik”, azaldu du alkateak.

“Edonola ere, ez da “Alokairu Beka” martxan jarri zuen udal gobernu hau izango programaren jarraipena oztopatuko duena, baina gaur hemen onartutako neurri horien aurrean, gure kezka azaldu nahi genuke, nagusiki, errolda epearen jaitsierak inguruko gazteak erakarri eta horrenbestez gazte zumaiarren lehentasuna albo batera utziko duelako eta bestetik alokairuaren prezio mugaren igoeratik etekina aterako dutenak gazteak izan ordez, alokairuan dauden etxebizitza horien jabeak izango direlako, noski, alokairu merkatuaren prezio igoera eraginez.