Behin-behineko onespena eman dio udalbatzak aparkamenduaren antolamendua erregulatzeko 2018ko ordenantzari

2018/02/27

Horren harira, iragarkia GAOn argitaratu ostean, 30 laneguneko epea zabalduko da interesdunek alegazioak aurkeztu ditzaten. Horrez gain eguneko aztergaien arten, EAJ-PNVk eta PSE-EEk martxoaren 8rako aurkeztutako adierazpena onartu da, EH Bilduk emendakin bidez proposaturiko aldaketak ere txertatuz.

Gaur arratsaldeko 18:00etan ezohiko osoko bilkura egin du Zumaiako Udalak eta eguneko aztergaien artean, behin-behineko onespena eman dio udalbatzak aparkamenduaren antolamendua erregulatzeko 2018ko ordenantzari, EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu, aldiz, abstenitu egin da: "Zoriontzekoa da Udalak prozesu hau aurrera eramateko egindako parte-hartzea prozesua eta pozik gaude EH Bilduren hainbat proposamen ere txertatu direlako baina guretzat garrantzitsuak diren beste hainbat kanpo gelditu dira, hala nola errotazio altuko guneak kanpotarrentzat doakoak izatearena edo mugikortasun jasangarria sustatze aldera eta kotxearen erabilpena gutxitze aldera egonaldi ertaina zumaiarrek ordaintzearena", azaldu du Josu Arrieta, EH Bilduko zinegotziak.

Aipatu ordenantzaren bitartez, Udalaren asmoa da, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean, aparkamenduaren erregulazioa herri osora zabaltzea. Horren helburua da urte osoan zehar eta bereziki uda sasoian aparkamenduari dagokionean zumaiarrak lehenestea eta hori ardatz hartuta, herrian eta herritarren artean mugikortasun jasangarria sustatzea, Zumaian ibilgailuz egiten diren desplazamenduak gutxitzeko.

Lehen onespena jasota, behin iragarkia GAOn argitaratu ostean, 30 laneguneko epea izango dute interesdunek aipatu ordenantzari alegazioak egiteko. Ondoren, horiek guztiak aztertu eta erantzungo dira eta behin-betiko dokumentua osatuko da. “Edonola ere, iaz bezala, aipatu ordenantza dokumentu irekia izango da eta behar adina aldaketa egin ahal izango zaizkio hori zumaiarren beharretara egokitu dadin”, azaldu du gobernu taldeak.

Gaur onartutako ordenantza eta horren xehetasunak udal webguneko TAO atalean kontsulta daitezke.

Halaber, gainerako aztergaien artean, ogasun arloan, besteak beste, hainbat kreditu aldaketen berri eman eta 2018. Urterako taxien tarifa onartu  da. Pertsonal sailari dagokionez, lehen onespena eman zaio ere Udaleko arreta zerbitzua arautzen duen ordenantzari eta horren baitan ere, iragarkia GAOn argitaratu ostean, 30 laneguneko epea zabalduko da alegazioak aurkezteko.

Amaitzeko, martxoaren 8rako deituriko emakumeen grebaren harira EUDELek bultzatutako adierazpena aurkeztu dute EAJ-PNV eta PSE-EEk. Dokumentu horretan jasota gelditzen da grebaren xedea: emakumeen lanak egungo gizartean duen inpaktua ikusarazi eta lan hori aintzat har dadila eskatzea, alegia. Udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek bat egin dute adierazpenarekin eta greba deialdiarekin. Horrenbestez, aho batez onartu da dokumentua, EH Bilduk emendakin gisa aurkeztu dituen aldaketa eta proposamenak ere txertatuz.

Hauek dira adierazpenaren bitartez Zumaiako Udalak harturiko konpromisoak:

  • Sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatuko dituela, zaintzan eta etxeko lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko eta erabakitzeko guneak emakumeekin partekatzeko.
  • Bere eskumenen alorrean lagunduko duela zaintza babesteko baliabideak eta zerbitzu publikoak garatu eta finkatu daitezen, eta zaintzen arloan erantzunkidetasun sozialerako komunitateko estrategien artikulazioa sustatu dadin.
  • Udaleko politikak genero-ikuspegiarekin garatuko dituela.
  • Balioen transmisioa azpimarratuko duela, berdintasunezko gizartea lortzeko kultura-aldaketak susta daitezen.
  • Zumaiako Udalak bat egiten du mugimendu feministak eta gehiengo sindikalak hainbat esparrutan deitutako greba deialdiarekin: lan esparruarena, ikasleena, zaintzarena eta kontsumoarena.
  • Zumaiako Udalak herriko emakumean deitzen ditu greba deialdiarekin bat egitera eta herritarrak bere osotasunean deitzen ditu martxoaren 8rako Zumaiako Udalak Berdintasun Foroarekin batera deituriko ekitaldi eta ekintzetan parte har dezaten, modu aktiboan. Baita mugimendu feministak antolatutako egitarauan ere.