Bilera irekia egingo du Udalak Basustako baratze parkearen nondik-norakoak azaltzeko
Bilera hori ekainaren 21ean egingo da, arratsaldeko 18:00etan Alondegiko Oxford aretoan. Helburua da Udalak baratzeen erabileraren eta lursailak eskuratzeko esleipen eta zozketa prozesuaren xehetasunak aurkeztu eta azaltzea.
Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala, Kutxa Ekogunearen laguntzarekin Baratze Parkea sortu du Zumaiako Udalak Basustako eremuan.
Hain zuzen 50 eta 70 m2ko 31 baratze sortu ditu bertan eta jada maiatzean adierazi bezala, baratze parkeari helburu eta izaera soziala ere emate asmoz, sortutako 31 baratzeetatik %50a interes taldeentzat gordeko du Udalak, hau da, ezaugarri bereziak dituzten kolektiboentzat, hala nola, langabetuak, DSBE hartzaileak, ezgaituak, ama bakarreko bizikidetza unitateak…; Gainerako lursailak herritarren artean zozketatuko dira, errentaren arabera.
Edonola ere, baratzeen erabileraren eta lursailak eskuratzeko esleipen eta zozketa prozesuaren nondik-norakoak azaltzeko bilera irekia egingo du Udalak datorren ekainaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan Oxford aretoan. Ildo horretan, baratzeak ustiatzeko interesa duten herritarrak saio irekian parte hartzera gonbidatzen ditu.
Baratze parkearen helburua da, nekazaritza jarduera lantzeaz haratago, ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzea.