Udal Gobernuaren lehen antolamendua

2015/06/01

Nola antolatuta zegoen aintzinan Udala, zein ziren karguak? Zumaiako Udal artxiboan dokumentu oso baliotsuak aurkitu ditzazkegu

Aurtengo maiatza hauteskunde hilabetea izan da. Udala osatuko duen gobernua eta Batzar Nagusietako eserlekuak nola banatuko diren aukeratzeko zita izan dugu.

Hauteskundeak aitzakia,  Zumaian Udal antolaketari buruzko lehen datuen bila ibili gara. Noizkoak dira Udal gobernuaren inguruko lehen aipamenak? Eta zer da dokumentu horiek erakusten dutena?

Zumaiaren kasuan zortea izan dugu. Funts dokumental garrantzitsua gordetzen du eta, beste udal artxiboekin alderatzen badugu, antzinako dokumentuak aurki ditzakegu. Hori horrela, Udal antolaketari eta gobernuari buruz zuzenean jakinarazten duen dokumentu zaharrena 1569ko Errejimendurako hauteskundeak jasotzen dituen dokumentua da. Hala ere, gai horren inguruko dokumentu mamitsuena 1584. urtekoa da. Dokumentu luze horretan garai hartako Udal  ordenantzak jasotzen dira 73 artikuluetan banatuta. 

 

 

Ordenantza edo arau sorta hau, probintziako korrejidorearen aginduz osatu zen. “Porque la buena Governación de las Repúblicas, consiste lo principal, en que los oficiales e Juezes que los han de Regir, e Governar sean personas de buena conciencia, y celosos dela honra, y servicio de Dios nuestro Señor, y de su Rey, y de mantener en paz, y justicia su República…”. 1584ko maiatzaren 21eko udalbatzar irekian izendatu ziren araudi hori lantzeko aukeratuak. Francisco Bouquer de Barton Alkatea eta Domingo Iceta Sindikoaz gain, Francisco de Elorriaga, Juan García de Villafranca, Francisco de Narruondo, Pedro de Arteaga, Sebastian de Duana eta Martín de Aranza izendatu zituzten diputatu. Ordenantzak osatzeko bilera Francisco de la Torreren oinordekoen etxean egin zen 1584ko maiatzaren 23an eta ekainaren 10eko udalbatza irekian onartu ziren.

Zumaiako ordenantzak jasotzen dituen 1584ko dokumentuak Udal karguen eta hiribilduaren funtzionamenduaren inguruko informazio ugari eskaintzen du, baina oraingoan Udalaren antolakuntzari buruz arituko gara. Ordenantza horiek, aurretik zegoen gobernatzeko modua berrikusi eta idatzita uztea zuten helburu. Horren erakusle dira 1569-1576 bitartean ospatu ziren Errejimendurako hauteskundeak.  Hauteskunde horiek jasotzen dituzten dokumentuak eta 1584ko ordenantzen dokumentua alderatzen baditugu, ordea, Udal karguetan eta horiek hautatzeko moduan zenbait aldaketa agerian geratzen dira. Guk bi nabarmenduko ditugu.

Lehenengo aldaketa Errejimendua osatzen duten karguetan dago. 1584 aurretik Alkateak, Alkateordeak, Sindikoak eta Prebosteak osatzen zuten. Ordenantzen ostean, oinarrian, Alkateak, Alkateordeak, Errejidoreak, Prebosteak eta Prebosteordeak osatuko dute. Hauteskunde egunean ere, bost diputatu aukeratzen ziren, elizan benefiziodun karguren bat hutsik geratuz gero hura betetzeko. Aurrerago, Errejidoreorde kargua azalduko da eta Oikiako eta Seazeko (Aizarnazabalgo) Hamabi Nagusia eta Hamabi Txikia, ere izendatuko dira. Horietaz gain, udal eskribaua eta diruzaina ere izendatzen ziren.

 

 

Bigarren aldaketa Udal karguen hauteskunde egunean dago. 1584ko ordenantzen aurretik, ekainaren 24ko meza nagusiaren ondoren ospatzen ziren urtero. Ordenantzak osatu eta gero abenduaren 27ko meza nagusiaren ondoren ospatzen hasi ziren. Bi egunak San Juan egunak izaki. Eguna aldatu arren, tokiak berdina izaten jarraitu zuen, “el lugar acostumbrado, del cementerio, debaxo y dentro del atrio dela puerta mayor dela yglesia de Señor San Pedro”. Baita modua ere… Lehenik udalbatzarrean zeuden auzo guztietatik 6 pertsona hautatzen ziren: “Nombrando, primeramente seis personas electores de entre los dichos vecinos, y que estos sean quienes tengan en la Villa a lo menos una casa suia o de su muger, y las demás circunstancias de ser admitidos en las Elecciones con los hijosdalgo de esta Villa. E metiendo en un cántaro, o sombrero, los nombres de todos los tales que al tiempo dela Elección se hallaren presentes; y que los seis primeros charteles, y nombres que salieren, sean los electores, teniendo orden en que como salga el primero para Elector, el Alcalde que está presente, le llame y reciba juramento de si ha rogado, sobornado, e inducido por alguna persona, para que nombre, o le dé la suerte si le cayere de ser Elector…”. Ondoren, hautatutako 6 pertsona horiek, udal kargu desberdinak osatzeko zerrendatik egokiena iritzi zuten izena txartel batean idatzi eta “metidos los seis charteles cada Elector el suio se rebuelban mui bien; y que un muchacho saque uno de ellos…”. Horrela, banan bana, Udal kargu bakoitza betetzen joaten ziren.

 

 

Errejimenduko hauteskundetara aurkeztu ahal izateko ondasun kopuru jakin bat izan behar zen, hiribilduaren kontrako edo kalterako erabakiren bat hartuz gero ondasun horiekin erantzun ahal izateko. Aipaturiko ordenantzetan honako eskakizunak jasotzen ziren: gutxienez lau miliareko ondasunak izatea, Zumaian jaioa edo Zumaiako auzo izatea, kaparetasuna probatua izatea, irakurtzen eta idazten jakitea, aurreko bi urtetan Alkate edo Errejidore kargua bete ez izana eta zegozkion zergak ordainduta izatea.  Imagina dezakegun bezela, baldintza guzti horiek bete behar izateak asko murrizten zuen Udal karguetan aritzeko aukera zuten auzoen kopurua. Horrek, pertsona berdinek kargu desberdinak behin eta berriz betetzea ekarri zuen.

 Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)

*Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatu hemen.