Udalak COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko lehen laguntza ekonomikoak aurkeztu ditu, alderdi guztien adostasunarekin

2020/05/04

1,5 milioi euroko diru-poltsa eratzea erabaki dute udaleko alderdi politiko guztien artean, COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko. Gizarte Zerbitzuetara “behar adina” diru bideratuko dute, eta tokiko jarduera ekonomikoa suspertzeko neurriak adostu dituzte, besteak beste.

Covid-19ak sortutako egoerari aurre egiteko, Udalak 1,5 milioi euroko diru-poltsa sortzea erabaki du. Helburua epe labur, ertain eta luzean herritarrek zein jarduera ekonomikoek behar dituzten laguntzak martxan jartzea, eta egoerarekin sortutako ezohiko gastuak estaltzea da.

Udaleko alderdi guztien adostasunarekin hartu dute erabakia, eta lehenengo laguntzetarako deialdiak datozen asteotan egingo dira. Udal teknikariekin batera landu dituzte neurriak, eta ostalariekin eta merkatariekin bildu direla azaldu du Iñaki Ostolaza alkateak.

Horrela, 1,5 miloi euroko diru-poltsa hori, lehen ekinaldian, honetarako erabiliko dutela adostu dute:

  1. Gizarte laguntzen aurrekontua behar beste handituko dute

  2. Tokiko jarduera ekonomikoari laguntzeko diru-laguntza zuzenak jarriko dituzte martxan, enpresa txiki eta autonomoentzat

  3. Herritarrei bideratutako deskontu-bonoen bitartez herriko komertzioa suspertzea, tokiko kontsumoa suspertuz. Ekimen honek 450.000 euroko inpaktua eduki dezake herriko komertzioan. Hurrengo ekinaldian, ostalaritza ere barne hartuko dute deskontu-bonoek.

  4. Herriko merkataritza eta ostalaritza indartzeko komunikazio kanpainarako lerroa, 2020 urte osoan zehar iraungo duena

  5. Kultur eskaintza dinamizatu eta indartzeko lerroa

Aipatutako laguntza horiez gain, Udalak erabaki du Jarduera Ekonomikoen Zergan (IAE) hobariak aplikatzeko aukera aztertzea eta itxita egon diren denboran herriko ostalariei terraza tasa ez kobratzea. Azkenik, Urola Kostako Udal Elkarteari zuzendutako eskaera kontutan hartuta, UKUEk itxita egon diren jarduerei epe horretan zabor tasa ez die kobratuko.

Bestalde, Udalak argitu nahi du izatez Eusko Jaurlaritzari dagokiola neurri horietako batzuk hartzea. Momentuz Jaurlaritzak neurririk iragarri ez duenez, Udalak Zumaian dagoen egoerari erantzuteko neurri horiek bere gain hartzea erabaki du. Ondorioz, etorkizunean Eusko Jaurlaritzak antzeko neurriak iragarriko balitu, hartzaileak neurri horietara bideratuko lirateke eta bikoiztuta jasoko luketen laguntza Udalari itzuli beharko liokete.

Laguntza bakoitza, zehatzago:

1. Gizarte laguntzen aurrekontua handitzea

Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez eskura daitezkeen gizarte-laguntzen artean, DSBE, GLL eta Larrialdietarako Laguntzak daude, askotariko egoerei erantzuten saiatzen direnak. Egoera berria ikusita, laguntza horien aurrekontua behar berriei erantzuteko indartzea da Udalak hartu duen erabakietako bat. Horrekin lotuta, Udalak herriko etxe guztietara banatuko du herritarrek eskura dituzten laguntzen azalpena, baita horiek eskatzeko nora jo behar duten ere.

Udalaren izenean azpimarratu dute garrantzitsua dela oinarrizko gastuei (elikadurari, alokairu edo hipotekaren ordainketari edo oinarrizko beste gastu batzuei) aurre egiteko zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonak gizarte-zerbitzuekin harremanetan jartzea. Dauden laguntzen berri izateko 943 86 22 00 zenbakira deitu behar dute herritarrek

2. Tokiko jarduera ekonomikoari laguntzeko diru-laguntzak: enpresa txiki eta autonomoak

Laguntza lerro honen helburua Zumaiako enpresa eta jarduera txikiei Covid-19ak eragindako kalteak arintzea izango da. 10 langile arteko eta urtean 9.000 euro eta milioi 1 euro bitartean fakturatzen duten jarduera guztiei zuzenduta egongo da, eta gehienez, 2.000 euroko laguntza jasoko dute.

Laguntza hau bateraezina izango da Covid-19aren hedapenak sortutako alarma-egoeraren ondorioz Lanbidek edo beste laguntza baliokideren batek autonomoei eta enpresaburu indibidualei emandako laguntza jaso duten norberaren konturako langile autonomoek.

Emango den laguntzaren kopurua atalka antolatuko da eta irizpide ezberdinen araberakoa izango da: jarduera itxita egoteagatik edo ohiko jardueraren murriztapen nabarmenagatik edota alokairu zein mailegua ordaintzeagatik eskatu ahal izango da laguntza, besteak beste.

Laguntza hau eskatzen hasi ahal izateko epea eta argibideak datozen egunetan zabalduko dira.

3. Deskontu-bonoen bitartez herriko komertzioa eta ostalaritza laguntzea, tokiko kontsumoa suspertuz

Herriko komertzioa eta ostalaritza suspertzeko, Udalak deskontu-bonoen sistema bat jarriko du martxan. Horrekin, Udalak lortu nahi duena da herritarren kontsumo ohituretan eragitea, herriko dendetara joateko ohitura indartuta. Horretaz gain, neurriak zuzenean herriko dendetan 450.000 eurorainoko inpaktu positiboa izan dezake.

Bonoak non eta nola erabili jakiteko argibideak aurki jakinaraziko du Udalak, eta parte hartu dezaketen dendei deialdia datozen egunetan zabalduko zaie. Bigarren ekinaldirako ostalaritzari sustatutako bonoak ere aurreikusi ditu Udalak.

4. Herriko merkataritza eta ostalaritza indartzeko komunikazio kanpainarako lerroa

Epe ertain luzerako erronka izango da tokiko ekonomiari eustea, eta ahal den neurrian indartzea. Horretarako, zumaiarron ohituretan eragiteko komunikazio kanpaina bat jarriko da martxan, bertako denda txikien garrantziaz jabetu eta zain ditzagun.

5. Kultur eskaintza dinamizatu eta indartzeko lerroa

Egoera berrira egokituko den kultur eskaintza berri eta indartsu bat du helburu laguntza honek. On-line zein kalean formatu ezberdinetan egin daitezkeen kultur ekimenak indartzeko, datozen hilabeteotan zumaiarrei eskaintza erakargarria egin eta ahal den neurrian kaleko bizitza dinamizatzeko.

Beste 1.5 miloi euro gordeta, Foru Funtsari itzultzeko

Covid-19ak sortutako egoerari erantzuteko foroko lehen saioetan beste 1.5 milioi euro gordetzea erabaki zuten,  Gipuzkoako Foru Funtsetik Zumaiako Udalaren aurrekontura iritsitako kopuruaren zati bat itzuli beharko dela aurreikusita.

Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazitakoaren arabera, ez dira beteko Foru Funtsaren kalkulua egin zenean zeuden zerga bilketa aurreikuspenak; horren ondorioz, Udalek jasotako diruaren zati bat Foru Funtsera itzuli beharko dutela aurreikusten dute, Zumaiaren kasuan, 1.5 milioi euro inguru. Aurreikuspen horiek ezagututa eta Udalaren egora ekonomiko-finantziarioa aztertuta, zuhurtziaz jokatu eta diru-kopuru hori gordetzea erabaki dute.