Ukrainako egoeraren inguruko mozioa onartu du Zumaiako udalbatzak, ahobatez

2022/03/11

Zumaiako udalbatzak ahobatez onartu du ondorengo testua:

  1. Irmotasun osoz arbuiatzen ditugu Errusiako Federazioak Ukrainan egindako ekintza militarrak, nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria dakartenak. Justifikaziorik gabeko erasoa da, eta Europako segurtasuna eta egonkortasuna ahultzen ditu.

  1. Borrokak berehala gelditzeko eskatzen dugu, eta armada errusiarra Ukrainatik erabat erretiratzeko. Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde osotasuna erabat babesten eta errespetatzen ditugu eta dei egiten dugu Minskeko akordioetara itzultzeko.

  1. Ukrainari eta hango herriari erabateko elkartasuna eta estimua adierazten diegu. Bizien galera deitoratzen dugu, eta atsekabe sakona agertzen dugu biktimengatik eta herritarren alferrikako sufrimenduarengatik. Sentimendu hori Zumaian bizi den komunitate ukrainarrari ere helarazi nahi diogu.

  1. Europar Batasunari eskatzen diogu beharrezko laguntza finantzarioa eta humanitarioa eskaintzeko Ukrainari eta Ukrainako herritarrei, nazioarteko komunitate osoarekin koordinatuta. Larrialdiko erantzun humanitarioan ahaleginak areagotzeko eskatzen dugu. Errusiari gogorarazten diogu nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko betebeharra.

  1. Europar Batasunari, Estatu espainiarrari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu ahalik eta azkarren antolatzeko, eraso militar horrek eragindako errefuxiatuak ahalik eta baldintzarik onenetan hartzeko.

  1. Irmo eskatzen diogu Errusiako Federazioari nazioarteko legedia errespetatzeko, armak baztertzeko eta bide diplomatikoetara itzultzeko.

  1. Europar Batasunari eskatzen diogu ahalegin handiagoa egin dezala kudeaketa diplomatikoen bidez deseskalatzea bultzatzeko eta bakeari eusteko.

  1. Premiazkotzat jotzen dugu Ukrainako errefuxiatuak gurean hartzeko erakunde publiko ezberdinen artean koordinatutako planean aurrera egiten jarraitzea.