Biografia

Ikastolaz ikastola ibilitako maistra

Julene AzpeitiaJulene Azpeitia -emakume behargina, euskaltzale eta euskarazko irakaskuntzan aintzindaria Zumaian jaio zen, 1888ko Urtarrilaren 8an, eta 92 urte beranduago, 1980ko Otsailaren 5ean, Bilbon hil zen.

Haren bizitza luzea bi hitzetan laburtu behar izango bagenu, Umeak eta Euskara aipatuko genituzke, bi arlo
horiek izan bait ziren Juleneren bizitzako motor eta ardatz.

Donostia eta Bilboko Magistergo- Eskoletan ikasi ondoren, hemeretzi urte zituela Aizarnazabalgo eskolan
aritu zen, maistra, Zumaiatik astelehenero oinez joaten zela.

Apendizitis gaizto batek hiltzorian eduki zuen; eta Pedro Diaz Carredanok sendatu eta gero, alde egiteko erabakia hartu zuen. Haren hitzetan esateko, ez nuan geiago Aizarnazabalera juan nai izan. Orrelako erritxoetan gaxotzen diranak galduak daudelako.

1911n Valladolid-eko oposaketetan lehenen geratu zen, eta, handik etorrita, Bizkaiko ikastoletan irakasten jardun zuen, l9l6an Enrike Eskauriatzarekin ezkondu zen artean. Senarrarekin batera Mexikora joanik, l9l8an euskaraz idazteari ekin zion, bai eta argitaratzeari ere, Mexikoko euskaldunek urtean behin Ignazio Deunaren egunean ateratzen zuten "magazine"an. Lau urtez bizi izan zen itsasoaz bestaldean, eta, Euskal Herrira itzulita, berriz ekin zion ikastoletan irakasteari. Haurren mundua eta euskara izan ziren, berriz ere, Juleneren grina eta seta.

Gerraren ondoren zigorra: amaika urte ikastola gabe, urtebete Bizkayko Gorlizen Ume gaixotegiko ikastolan; sei urte Burgosko herri txiki batean (Mena haranean) eta azkenengo ikastola Markiñan izan det. Orain Durangon bizi naiz nere senarrarekin, zioen 1961ean, Norbert Tauer-i idatzitako gutun batean. Eta Durangon bertan eman zituen urte gehienak, beti ere irakaskuntzaren munduan, erretiroa hartu arte.