ALFREDO BIKONDOA ARTISTA EUSKALDUNAREN MARGOLANA AURKEZTU DA GAUR SAN TELMO ERMITAN

2017/06/16

Obra hori Peregrinatio izeneko proiektuaren baitan jasoa dago eta aurrerantzean San Telmo ermita izango du kokaleku berri gisa.

““Zeru-lurren artean betikotasun une bat”” izena du San Telmo ermitan jarri den Alfredo Bikondoa margolari euskaldunaren obrak. Horrela aurkeztu du gaur goizean Zumaiako Udalak ermitan bertan egindako solasaldian.

Ekitaldia Maria Zubimendi akordeoi jole zumaiarrak ireki du, zeinak musika pieza aparta jo duen. Ondoren Zumaiako alkateak hartu du hitza eta eskerrak eman dizkio Bikondoari egindako lan eta ekarpenagatik: “benetan irudi ikusgarria da eta ermita guztiz janzten du”, adierazi du.

Margolanaren ezaugarriak:

Aipatutako margolana Peregrinatio proiektuaren baitan jasoa dago. Ekimen hori erromes bideetan eta haien bizipenetan oinarritutako disziplina anitzeko erakusketa proiektua da eta bat egiten du Bikoandoak bere margolan eta obretan eskaintzen dituen oinarri eta ezaugarri nagusiekin (barne bidaia eta aszesi espiritualarekin, hain zuzen).

Horiek horrela, aipatutako obraren bitartez, Bikondoak izaera eta mundu espirituala nabarmendu nahi izan ditu: “Askok galdetu didate ea zergatik margotu dudan irudia zuriz eta erantzuna oso sinplea da, kolorerik ez nuelako. Dena den, garrantzitsuena izaera espirituala bertan islatuta dagoela da”, azaldu du.

Amaitzeko, margolanak apaizaren bedeinkapena jaso du eta solasaldia biribiltzeko, Maria Zubimendik beste kantu bat jo du, ekitaldia benetan hunkigarria eginez.