Ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lankidetza egitasmoak sustatzeko diru laguntza deialdia egin du Urola Kostako Udal Elkarteak

2017/09/11
Urola Kostako Udal Elkarteak diru-laguntza deialdia egin du ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lankidetza-egitasmoak sustatzeko. 230.000,00 euro emango dira diru-laguntzatan. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da eta diruz lagunduko dira 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra burututako jarduerak.

Urola Kostako Udal Elkarteak diru-laguntza deialdi bat egin du, ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lankidetza-egitasmoak sustatzeko. Aurreko urteetan hainbat diru-laguntza deialdi egin dituzte Udal Elkarteak eta eskualdeko udalek, arlo sozioekonomikoa sustatzeko. 2017ko deialdi honek horiek guztiak bateratu egin ditu. Deialdia eta oinarriak Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak uztailaren 7an onartu zituen eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren uztailaren 24an (141. zk.).

 

Lau diru-laguntza lerro

Hona hemen deialdiaren lau diru-laguntza lerroen ezaugarriak, laburbilduta:

  1. Jarduera ekonomikoak sortzeko diru-laguntzak (60.000,00 euro bideratuko dira lerro honetarako): enpresak sortzeko diru-laguntzak dira. Diru-laguntzaren oinarria 1.000,00 eurokoa izango da. Kopuru hori handitu egingo da, sustatzailearen eta jardueraren proiektuaren ezaugarrien arabera. Eskabideak aurkezteko epe-muga: 2017-09-30.
  2.  Enpleguaren sustapena (90.000,00 euro bideratuko dira lerro honetarako): prestakuntza jaso ondorengo kontratazioetarako diru-laguntzak dira. Eskualdeko enpresentzako diru-laguntzak dira, prestakuntza bonoa eskuratzen duten langabeak kontratatzeko. Kontratuak 6 hilabetekoa izan behar du gutxienez (lanaldi osokoa). Diru-laguntza izango da 3.000,00 eurokoa eta kontratua mugagabea baldin bada 7.500,00 eurokoa. Eskabideak aurkezteko epea: 2017-11-15etik 2017-12-29ra.
  3.  Inbertsioetarako diru-laguntzak (50.000,00 euro bideratuko dira lerro honetarako): Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emango dira enpresaren jarduerarekin zerikusia duten inbertsioetarako. Inbertsioak 2017an egina eta gutxienez 3.000,00 eurokoa izan behar du. Diru-laguntzaren kopurua izango da, gehienez ere, inbertsioaren %30,  betiere, gehienez, 2.000,00 euro. Eskabideak aurkezteko epe-muga: 2017-09-30.
  4.  Lankidetza egitasmoak garatzeko diru-laguntzak (30.000,00 euro bideratuko dira lerro honetarako): Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emango dira eskualdeko hezkuntza zentroek eta enpresek lankidetzan garatutako proiektuetarako. Diru-laguntzaren zenbatekoa izango da, gehienez ere, onartutako proiektuaren %40 eta, gehienez ere, 3.000,00 eurokoa. Bazkide/partaide guztiak eskualdekoak baldin badira, diru-laguntzaren zenbatekoa izango da, gehienez ere, onartutako proiektuaren %80 eta, gehienez ere, 7.000,00 eurokoa. Eskabideak aurkezteko epe-muga: 2017-09-30.

 

Bi berrikuntza nagusi

Bi berrikuntza nagusi dakartza aurtengo deialdi honek:

1. Enpleguaren sustapena (bigarren lerroa). Kontratazioetako diru-laguntzak: prestakuntza bonoa

 Eskualdeko enpresentzako diru-laguntzak dira, “prestakuntza bonoa” eskuratu duten langabeak kontratatzeko.

Urola Kostako Udal Elkarteak gaur egun enpresek eta lan-merkatuak baloratzen eta eskatzen dituzten zeharkako gaitasun eta trebetasunak lantzeko 205 orduko prestakuntza-ikastaroa antolatu eta eskainiko du eskualdeko langabeentzat. Ikastaro horretan gaur egun enpresek eskatzen dituzten eta hain beharrezko diren berrikuntza-tresnak landuko dira, hala nola: zaintza teknologikoa, IKT 2.0, kudeaketa aurreratua eta gatazken kudeaketarako teknika berritzaileak. Ikastaroa doakoa izango da eta egin ahal izango dute, baita ere, interesa duten eta lanean ari diren pertsonek.

Prestakuntza-ikastaroa egin eta gainditzen duten pertsona langabeek (gainditzeko Udal Elkarteko teknikarien balorazio positiboa jaso beharko da) “Prestakuntza Bonoa” eskuratuko dute eta eskualdeko enpresa batean “erabili” ahal izango dute, beren kontratua gauzatzeko diru-laguntza lortzeko. Diru-laguntzaren azken onuraduna enpresa izango da.

 2. Lankidetza egitasmoak garatzeko diru-laguntzak

 Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emango dira eskualdeko hezkuntza zentroek eta enpresek lankidetzan garatutako proiektuetarako. Diru-laguntza lerro honen helburua da Urola Kostako Udal Elkartearen eremuan enpresa-sarea eta goi mailako hezkuntza zentroak elkarrengana hurbildu eta lankidetza-egitasmoak burutzeko laguntza ematea, eskualdeko enpresek produktu eta zerbitzu berriak sor ditzaten. Egitasmoa garatuko duten partaideetako batek lantokia eskualdean izan behar du (enpresa edota hezkuntza zentroa).

 

Deialdia eta oinarriak

 Deialdia, oinarriak eta eskabidea egiteko eredua eskura daude Udal Elkartearen webgunean.

 http://www.urolakosta.eus/eu/diru-laguntzak

 

Argibideak

 Argibideak jasotzeko jarri durekin harremanetan:

Urola Kostako Udal Elkartea, Enpresentzako Zerbitzuak

Tel. 943 890808

enpresa@urolakosta.eus