Gabon usaina helduko da Zumaiara larunbatean Gabonetako argiak piztearekin batera

2018/12/07

Zumaiako kaleak alaitzeko eta girotzeko eta, nola ez, herriko merkataritzari bultzadatxo bat emateko, larunbatean piztuko da Gabonetako argiteria berezia. Argien piztuera honi lotuta, Gabonetako argazki lehiaketa egingo da aurten ere eta argazkiak whatsapp bidez bidaltzeko aukera izango da abenduaren 24tik urtarrilaren 8a bitarte.

Eguberriak ate joka ditugu eta Zumaia eta zumaiarrak festa giroan murgiltzeko, larunbatean piztuko ditu Gabonetako argiak Zumaiako Udalak. Argi horiei lotuta, gainera, argazki lehiaketa ere antolatuko du aurten ere Udalak. Gaia, esan bezala, Gabonetako argiak Zumaian izango da eta gai horren inguruan nahi bezalako argazkiak ateratzeko aukera izango dute parte-hartzaileek mugikorra erabiliz.

Argazkiak aurkezteko epea, abenduaren 24tik urtarrilaren 8ra bitartekoa izango da eta whatsapp bidez bidali beharko dira 688 844 400 telefono zenbakira. Egilearen izen abizenak jarri beharko dira igorritako mezuan.

Epaimahaia Kultur eta Turismo saileko, Distira argazki elkarteko eta Baleike aldizkariko kideek osatuko dute. Eta argazki onenaren saria irabazten duenak, Zelai Hoteleko jatetxean bi dastatze menu eskuratuko ditu. Argazki onenak, gainera, udal webgunean eskegiko dira.

Zumaia eta zumaiarrak festa giroan murgiltzea garrantzitsutzat jotzen du udal gobernuak, Zumaiarren gozamenerako, baita herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko ere. Kale argiztapenak eta bizitasunak herriko denda, saltoki eta tabernetan eragin zuzena izan dezakeela uste du Udalak eta, beste behin, zumaiarrei Eguberrietako erosketak herrian bertan egitera dei egiten die. Izan ere, herriko merkataritzak eta ostalaritzak ematen baitio bizia herriari.