San Pedro parrokiako taula botiboa Elkanoren inguruko erakusketan dago ikusgai

2019/12/17

Euskal Itsas Museoan Juan Sebastian Elkanoren inguruko erakusketa dago ikusgai urritik. 2020ko ekainera arte bisitatu ahal izango da aldi baterako esposizioa, eta besteak beste, Mendaro kapitainak Zumaiako San Pedroko elizari emandako taula botiboa egongo da ikusgai bertan.

Elkano itsasgizonaren mundu biraren 500. urteurrenaren harira antolatu diren ekimen askotarikoen artean, Euskal Itsas Museoan aldi baterako erakusketa antolatu dute. Urritik dago ikusgai, eta 2020. urteko ekainera arte bisitatu ahal izango da.

Beste hainbat lanen artean, Juan Martinez de Mendaro kapitainak Zumaiako San Pedroko parrokiari emandako taula botiboa erakusten da bertan. XV. mende bukaerako naoak irudikatzen dira taula horretan, eta San Pedro parrokiak utzi dio botiboa Itsas Museoari.

San Pedro parrokiako taula botiboa

Zumaiako San Pedro parrokiako taula botiboak bi zati ditu. Goikaldean Ama Birjina agertzen da, Haurtxoarekin. Ezkerraldean San Pedroren irudia ageri da, eta bere aldamenean, belauniko, taularen emailea, Juan Martínez de Mendaro, Zumaiakoa bertakoa. Eskuinaldean Santa Katalinaren irudia ikusten da, liburu bat irakurtzen, eta haren atzean gizonezko baten burua.

Beheko zatian, nabigatzen ari diren ontziak ikusten dira. Uste denez, Juan Martinez Mendarokoak zuzendutako ontzien garaipena irudikatzen dute, 1475. urtean Gibrartalko itsasartean, portugaldar eta genovar armaden aurkako garaipena irudikatzen dute. Ezkerreko ontziak Portugalgo armarriak ditu, eta eskuinekoak Gaztelako armarriak ditu.

 Ez da XV. mendeko margolari flandestarren bigarren belaunaldiko egile nagusietako baten lana, baina artelariek eta historiagileek obra berezitzat jotzen dute, kontserbazio-egoera onean egoteagatik eta ikuspegi historiko eta dokumentalagatik duen garrantziagatik.