Alai auzoko 4 eta 5 zenbakietan hobekuntza lanak egiten ari da Udala

2018/10/18

Hain zuzen aipatu bi etxebizitzen azpiko garajeetan inpermeabilizazio lanak egiten ari da bertara ura sartu ez dadin. Horrez gain, irisgarritasuna bermatzeko lanak ere egingo ditu eta zaharkituta dauden azpiegiturak berrituko ditu, hala nola, euri urak eta ur zikinak bereizteko ur hoditeria.

Alai auzoko 4 eta 5 zenbakietan hainbat hobekuntza lan egiten hasia da Udala, bereziki bertan zaharkituak gelditu diren azpiegiturak hobetzeko helburuz.

Horri helduta, asteartean bertan ekin zion, esate baterako aipatu bi etxebizitzen azpian dauden garajeetan inpermeabilizazio lanak egiteari, modu horretara, bereziki egun euritsuetan urak bertara sartzen jarraitu ez dezan. Lan horien bitartez, gainera, erantzun zuzena ematen die Udalak bertako bizilagunen behar zein eskaerari.

Horrez gain, inguruko azpiegiturak hobetzeko ere aprobetxatuko du Udalak, besteak beste euri urak eta ur zikinak bereizteko hoditeria berritzeko. Izan ere, orain arte, ur sare berdinak jaso ditu aipatu bi urak eta egoera horri erreparatuz eta auzoko ur saneamendua hobetze aldera egungo hoditeria berrituko du Udalak.

Auzoko irisgarritasuna kontuan hartuta, halaber, 4 eta 5 zenbakien arteko plazan dagoen eskaileratxoa kenduko du, eremua oinezkoentzat atseginagoa bilakatuz.

Aipatu lanek guztira 199.387,25€ko aurrekontua dute eta 3 hilabete iraungo dute. Bien bitartean, Alai 4 eta 5 etxebizitzen eta Marianton parkearen arteko aparkalekuaren zati bat obrako materialez okupatuta egongo da.