Zumaiena ikastetxearekin duen hitzarmena berritu du udalak

2019/05/13

Hitzarmen horri esker, 2019an zehar ere ikastetxeko azpiegituren erabilera publikoa egiten jarraitu ahal izango da, herriko ekimen eta ekintza desberdinak egiteko.

Oier Korta alkateak eta Isaak Aranberri Zumaiena ikastetxeko zuzendariak, Zumaiako Udalak eta Zumaiena ikastetxeak 2017an abiatutako lankidetza hitzarmena berretsi dute gaur. Hitzarmen horri esker, 2019an zehar ere ikastetxeko azpiegituren erabilera publikoa egiten jarraitu ahal izango da, herriko ekimen eta ekintza desberdinak egiteko.

Hitzarmenaren helburu nagusia da bereziki Zumaiako kirol eta kultur elkarte zein erakundeei ikastetxeko azpiegituren erabilera ahalbidetzen jarraitzea eta aldi berean, espazio horien erabilera erregulatu eta erabilera horrek ikastetxeari eragindako gastuak arintzea.

Kultur eta kirol elkarte zein eragileak dira ikastetxeko espazioak gehien erabiltzen dituztenak. Kirol arloari dagokionean, gimnasioa eta kirol pista dira espazio erabilienak eta bereziki kiroldegiko edota Eskola Kiroleko ekintza edota ekimenak egiteko erabiltzen dira: partiduak, entrenamenduak…

Kultur arloan areto nagusia, gimnasioa eta ikastetxeko espazio desberdinak (aldagelak, pista, erabilera anitzeko espazioak…) erabiltzen dira gehien. Entsegu zein emanaldiak egiten dira areto desberdinetan eta aipatzekoa da, ikastetxean dagoen ikuskizunetarako areto nagusiak 700 ikusleentzako edukiera izanik, herri mailan tamaina handiko ikuskizunak eskaintzeko aukera zabaldu eta kultur arloko eskaintza zabaltzeko aukera bideratu duela.