“Argizaiola Jaialdia 2019” ekitaldia ospatuko da larunbatean Zumaian

2019/05/16

Aipatu saioa elkarlanean antolatu dute Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak eta Zumaiako Distira Argazki Elkarteak.

Datorren larunbatean, hilak 18, “Argizaiola Jaialdia 2019” ekitaldia ospatuko da Zumaian. Bertan parte hartuko dute Euskal Herri osotik etorritako 24 elkarteetako ordezkari zein kideek eta Once fundazioak.

Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak eta Zumaiako Distira Argazki Elkarteak antolaturiko ekitaldi horretan, goizeko 09:30etatik hasita, lehenbizi ohiko batzarra egingo dute, non 2018ko euskal argazkigintzaren inguruko ekintzen errepasoa egin eta 2019ko proposamenak aztertuko dituzten. Horrez gain, 39. Argizaiola lehiaketako irabazlearen berri ere emango dute batzarrean bertan.

Ondoren, bertaratu direnek bi bisita gidatu egin ahal izango dituzte, Forondako zeramika tailerreko erakusketara bata eta San Pedro elizara bestea. Azken honetan, Ismael Manterolaren eskutik jasoko dituzte azalpenak.

Arratsalde partean sari banaketa egingo da eta ekitaldia ixteko, hala nahi duen parte hartzaileak, turismo bulegoak Flyschera antolatutako bisita gidatua egiteko aukera izango du.