2017KO AURREKONTUETARAKO HERRITARREK EGINDAKO EKARPENAK ESKERTU DITU UDALAK

2016/12/07

Azken hilabetean zumaiarren proposamenak bildu ditu eta orain horiek guztiak aztertuko ditu udal aurrekontuak landu eta osatzeko. Ekimen horren bitartez udal gobernuak herritarren iritzi eta proposamenak jaso nahi izan ditu datorren urtean Zumaian garatuko diren proiektuek herritarren beharrei, eskaerei eta iradokizunei erantzun diezaieten.

Ohikoa den bezala, urte amaieran 2017ko udal aurrekontuen proposamenak lantzen ari da Udala eta gobernu taldeak ezinbestekotzat jo du herritarren ekarpenak, iritziak eta proposamenak ezagutzea, datorren urteari begira aurrekontuetan jasoko diren proiektuek zumaiarren egungo behar, nahi eta eskaera zehatzei erantzun diezaieten.

Horretarako, urri amaieran helbide elektroniko bat jarri zuen martxan eta horren bitartez herritarren proposamen ugari jaso eta ezagutu ahal izan ditu. Orain guztiak aztertzen ari da 2017ko aurrekontuak landu eta osatzeko.

Horren harira, zumaiarrek egindako ekarpen guztiak eskertu ditu gobernuak eta aurrekontuak lantzeko garaian, haien proposamenekin batera, hauteskunde programan eta Plan Estrategikoaren barruan zumaiarrekin elkarlanean landutako proiektuak erabiliko ditu ibilbide orri gisa.  Era berean, aurrekontu garaitik haratago, herritarren iritziak ere kontuan izango ditu legealdian zehar aurrera eramango diren gainerako proiektuak lantzeko, horrela, guztion artean Zumaia eta zumaiarren beharretara egokitutako herria eraikitzeko.