1937an frankistek kanporatutako herritarren omenez jarritako monolitoa eraberrituko dute

2022/06/17

2017 otsailean jarri zuen Zumaiako Udalak monolitoa Ignacio Zuloaga plazan, kanporaketaren 80. urteurrenean. Tarte honetan, denboraren eta eguraldiaren ondorioz, kaltetu egin da monolitoa, eta eraberritu egingo dute.

1937ko neguan frankistek ehunka zibil deserriratu zituzten Gipuzkoan eta Bizkaian, senideren bat Errepublikaren kontrolpeko lurretan izategatik. Zumaia, Ondarroa eta Mutriku izan ziren herririk kaltetuenak. 252 zumaiar, Zubitxikian bildu eta kamioi eta autobusetan banatuta, ondasun apur batzuk besterik ez zituztela soinean, gogoz kontra atera zituzten herritik.

2017an 80 urte bete ziren tropa frankistak Zumaian sartu eta herritarrak kanporatu zituztenetik. Horren harira, omenaldi ekitaldia egin zitzaien, eta monolitoa jarri zuten Ignacio Zuloaga plazan. Bego Blancok egin zuen marrazkia, garaiko argazki batean oinarrituta; testua Jexux Mari Iribarrena da, eta Juan Luis Blancok egin zituen kaligrafia lanak.

Denboraren eta eguraldiaren ondorioz, tarte honetan kaltetu egin da monolitoko irudia zein testua, eta eraberritze lanak egingo dituzte lekuan bertan.