Hasi zuen bide beretik amaituko du Udalak legealdia, pertsonak ardatz dituen aurrekontuekin

2019/02/09

Guztira 13.703.753 euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak, iazkoaren parekoa. Joan de urtean abiatutako proiektu eta programa berritzaile ugarik segida izango dute aurrekontu hauei esker eta programa berritzaileak ere izango dira, esaterako, Bidelagun programa.

Gaur arratsaldean aurkeztu dituzte Oier Korta alkateak eta Marikruz Alvarez ogasun zinegotziak, datorren asteartean egingo den osoko bilkuran onartuko diren aurrekontuak. 2019rako, 13.703.753 euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak, 2018an izan zuenaren parekoa. Kirol patronatuak 1.306.228ko aurrekontua izango du, aurrekontu bateratua, beraz,  14.457.981koa izanik. Erantzukizunez egindakoak, baina aurreko urteetan baina apur bat ausartagoak dira aurtengo aurrekontuak, izan ere, 2018ko 5 milioi eta erdi inguruko gerakinarekin itxi izanak, aukera hori ahalbidetzen baitu. Aurten ere herriari kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko apustuarekin jarraitzen du Udalak, beti ere herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu izanik.

Ongizatea (Gizarte Zerbitzuak):

Sail honi buelta eman zaio azken 4 urteotan programa berriak sortu eta batez ere saila egonkortu da. 2019an, joan den urtean martxan jarritako hainbat programa berritzailek aurrera jarraituko dute, baina badira berritasunak ere. Esaterako, “Bidelagun” programa berria jarriko da martxan, gizarte laguntzetan kronifikazioan erortzeko arriskuan dauden familia edo pertsonei laguntza egoera horretatik ateratzeko edo bidean laguntzeko helburuarekin.

Bestalde, Brankan zenbait egokitzapen egingo dira eta obra horiekin, besteak beste, adinekoentzako bi pisu gehiago egitea lortuko da. Horretarako, bertan dagoen emergentziako etxebizitza bikoitza, Udalak Odietan dituen bi etxebizitza horietako batean kokatuko da.

Gizarte zerbitzuetako pertsonala ere indartuko da, bete beharra zegoen %33ko jardunaldia, %100 jardunaldi batekin beteko baita. Horrela, “Bidelagun” edota “Nagusien behatokia” bezalako programak, langile horrek artatuko ditu.

Jarraipena izango duen joan den urteko programetako bat, “Nagusien Behatokia” programa da. joan den urtean abiatu zen programa honen helburua da Zumaian bizi diren pertsona nagusien egoeraren azterketa sakona egitea, horrela adineko zumaiarren ezagutza integrala jaso, haien beharrak identifikatu eta horien arabera, gaur egun dauden zerbitzu eta prestazioak baloratu eta horiek momentuko zein etorkizuneko beharretara egokitzeko. Baita  adinekoei Gizarte Zerbitzuetatik eskaintzen diren zerbitzuen berri ematea ahalbidetuko du. 2018an egin zen lanaren bitartez, egoeraren inguruko datuak jaso dira eta aurrera begira egin beharreko lana, beraz, datu horietan oinarrituta beharrei erantzunik egokiena ematea izango da. Baina, esan bezala, aurreko urteetako beste hainbat programa ere mantenduko dira: “Gazte On”, “Atozte”, “Memoria Tailerra” edota “Alokairu Beka” besteak beste.

Auzoak

Larretxon, auzoak dituen beharrei erantzuteko, Larretxoko igogailua egiteko beharrezkoa den Plan berezia egingo da eta bestetik irisgarritasun Plana ere egingo da auzoaren irisgarritasuna hobetzeko. Larretxon igogailua egitea dugu helburu eta pausuak ematen ari gara. 2018an igogailua kokatuko den lur sailaren erosketa jasotzen zuen aurrekontuak eta proiektua bera ere egin zen 2018an.

Estazio auzoan, bizilagunekin egin diren bileretan hausnartutakoari jarraiki, 2018an hasi zen lanari jarraipena eman ez ezik, indartu ere egingo da, Bideragarritasun Planaren bidez edota uholdeak ekiditeko, Txepetxako euri urak bideratuz.

Artadin, bestalde, saneamendu eta ur hornidura gauzatuko dira eta beste auzo batzuetan ere izango dira esku-hartzeak, hirigintza azterlanen kontu-sailaren bidez. San Josen, igogailua amaitu eta irisgarritasuna hobetzeko lanean jarraituko da eta Pantxita Etxezarretako berrurbanizazioa egiteko proiektua ere martxan jarriko da.

Zerbitzuak

2019an hainbat zerbitzu luzatuko dira, esaterako, Alondegia liburutegiko ordutegia zabalduko da eta Gaztetxola igandeetan ere zabalduko da.  Kirol portuko txalupa zerbitzuaren ordutegia ere areagotuko da eta 10etatik etenik gabe egun osoan emango du txalupak. Udaltzaingoaren zerbitzua ere indartuko da beste jai egun batzuetan ere. TAO zerbitzuari jarraipena emango zaio aurten ere. Turismo garapenerako partidari ere jarraipena emango zaio, Turismo planaren diagnosiaren ondorioak lantzen jarraitzeko.

Kirol patronatuan, legealdi guztian egin den apustuari eutsiko zaio, instalazioak egoki mantentzeko beharrezkoak dien inbertsioak eginez. Honetara bideratuko dira aurrekontuaren 132.000 euro. Hezkuntza eraikinetan ere inbertsioak egiten jarraituko da, Aita Mariko patioan, Sagarbiden sarrerako arrapala eta rokodromoa,  Arrangoletan zorua… Berdintasunaren alorrean, Emakumearen etxeko definizioa onartu berri du udalbatzak. Proiektu horretan sinesten du udal gobernuak, horregatik, proiektuari hasiera emateko 20.000 eurotako diru partida jaso da.

Kulturak eta aisiak ere badituzte bere diru partidak eta Euskara sailean, “Euskararen historia soziala aztertzeko beka” mantenduko da eta proiektu berri bat garatzen hasteko ere aurrekontua izango du Udalak.

Beste inbertsio garrantzitsu batzuk

Inbertsioetan, lehentasuna eman zaie azken urteetan landu diren eta proiektuak amaiturik dituzten inbertsioei, bereziki udaltzaingoaren eraikina eta skate park-a. Skate parkaren proiektua 2018an egin zen eta errealitate bat izango da 2019an. Udaltzaingoaren eraikinari dagokionez, 2017an egin zen proiektua eta 2018an proiektuaren egokitzapena eta 2019an lanak burutzea dago aurreikusita.

IDAEtik (Instituto para la Diversificación y Ahorro de Energía) jasotako maileguari esker, herriko argiteriaren eraginkortasuna hobetzeko ia 720.000 euro inbertituko dira. Inbertsio hau egiteko prozesua 2018an hasi bazen ere, alegazio bat medio atzeratu egin zen eta azkenik 2019an egingo da, 2018rako aurreikusita zegoen kontu-saila 215.000 eurotan igota. Horrela, interbentzio handiago bat egingo da, guztira 720.000 eurotakoa. Plan Orokorra ere jarriko da martxan eta San Joseko igogailua amaituko da. Auzo bideetan ere inbertsio garrantzitsuak egingo dira aurtengoan ere: Santa Klara, Torrontegi eta Karmengua bideak konpondu, Soutzen suteen aurkako mangerak eta hidrantea jarri, Urtiazar bidea konpondu, Artadi bidean eskoilera alboan asfaltoa bota, Artabilla bidea txukundu.

Amaitzeko, udal gobernuak dirulaguntza lerro bat berreskuratu du, etxebizitzetan irisgarritasuna hobetzera bideratutako dirulaguntza lerro bat, hain zuzen ere. Horrela, komunitateek, etxebizitza eraikinetan igogailuak jartzeko dirulaguntza eskatzeko aukera izango dute.