Udalbatzak , pintaden eta pankarten inguruan, Udalean aurkeztu den mozioari dagokion erabakia hartu bitarte, ez da Zumaian pintadarik ezabatuko

2018/12/07

Kalea guztiona da ekimenak Udalera jo du eta konponbidea bilatu bitarte horiek ez kentzea proposatzen duen mozio bat aurkeztu du. Horiek horrela, udal gobernuak ez ditu pintadak ezabatuko udalbatzak erabakia hartu arte, bai ordea pankartak, herritarren segurtasuna bermatze aldera.

Abenduaren 3an Axier Lopez Rodriguezek, Kalea Guztiona Da ekimenaren izenean, mozio bat aurkeztu zuen. Zumaiako udal erregistroan, Atzetik datorren auzi honetan, lehenengo aldia da aipatu ekimena zuzenean Udalarekin harremanetan jartzen dela eta pauso hori positibotzat jo du udal gobernuak.

Mozio horretan honako hauek eskatzen ditu Kalea Guztiona Da ekimenak: batetik, gaia parte-hartze prozesu baten bidez erabakitzea eta, bestetik, erabaki hori hartu bitartean, orain arte agintaldi honetan udal gobernuak izan duen pintadak ezabatzeko eta pankartak kentzeko dinamika bertan behera uztea.

Horiek horrela eta mozio hori abenduan egingo den ohiko plenoan eztabaidatuko denez, udal gobernuak erabaki du udalbatzaren erabakiari itxarotea inongo neurririk hartu gabe. Udalbatzak mozio honen inguruan zer erabakitzen duen ikusi bitartean, beraz, ez da pintadarik ezabatuko. Paneletatik kanpo jartzen diren kartelekin ere berdin egingo du Udalak, udalbatzak erabaki bitarte ez dira kenduko.

Pankartei dagokienez, ordea, udal gobernuak adierazi du ezin duela berdin jokatu; izan ere, Oier Korta alkateak adierazi duenez, “jartzen diren pankartek maiz arriskua eragiten dute eta gure herrian izan da pankartek eragindako istripu larririk ere.  Edonon eta edonola jartzen dira, erori eta norbait zauritzeko moduan, kasu batzuetan baita gas hoditeriari edo argindar kableei lotuta ere. Beraz, herritarren segurtasuna bermatzea nire ardura izanik, arriskua eragiten duten elementuak kentzera behartuta nago. Kasu honetan ez gara ari herri eredu batez soilik, herritarren segurtasunaz ari gara. Horri gehitu behar diogu, gainera, pankarta batek baino gehiagok ibaietan eta itsasoan amaitzen dutela eta horiek plastikoz zikintzea ezin litekeela onartu”.

Beraz, hilabete honetako plenoan udalbatzak zer erabakitzen duen ikusi ondoren hartuko dira hartu beharreko neurriak.