Zumaian baheketa egitea aurreikusten du Osakidetzak, eta Udala beharrezko antolaketa prestatzen ari da dagoeneko

2020/10/22

Datorren aste hasieran Zumaian baheketa egitea aurreikusi du Osakidetzak, eta Udalak hainbat gune eskainiko dizkio horretarako. Osakidetzako arduradunak bihar bertan etorriko dira Zumaiara.

Zumaiako positibo kopuruan gorakada nabarmena egon da azken astean, eta beste zenbait herrietan egin bezala, Zumaian datorren aste hasieran baheketa egitea aztertzen ari da Osakidetza. 

Bihar, urriak 23 (ostirala), Osakidetzako arduradunak Zumaian izango dira, Udalarekin eta herriko anbulategiarekin elkarlanean egoera aztertu eta egin beharrekoak antolatzeko. Orduan emango zaizkie herritarrei xehetasun gehiago. Zumaiako Udalak Aitzuri frontoia eta kiroldegia eskainiko dizkio Osakidetzari, eta herri langile zein udaltzainak beharrezko lanak egiteko prest daude dagoeneko.

Halaber, Udal Gobernuak bozeramaileen batzordea deitu du, oposizioari egoeraren berri emateko eta elkarlanean hartu beharreko neurriak aztertzeko. Gainera, udal langile guztiekin egoerari aurre egiteko arloz arlo hartu daitezkeen neurriak aztertzeari ekin dio.

Zumaiako egoera kezkagarria da, eta gorakada mozteko, beharrezkoa izango da guztion konpromisoa. Zentzu horretan, Zumaiako Udalak herritarrei dei egiten die arduraz jokatzeko, bizitza soziala ahalik eta zirkulu txikienetara mugatzeko, osasun neurri orokorrak errespetatzeko eta maskara ahal den guztietan jantzita edukitzeko.