Gazteentzako idazketa tailerra eskainiko du Zumaiako Udalak urtarriletik aurrera

2018/12/12

Genero guztietako adibideekin, testu bat antolatzeko estrategiak ikasiko dituzte gazteek, hizkuntza modu eraginkor eta kreatibo batean erabiltzen... baina gazte horiek letramintzen saiatzea ere badu helburu tailerrak. Abenduaren 17an, 19:00etan, Alondegia kultur etxean egingo da zalantzak argitzeko eta ordu kopurua, egunak eta abar zehazteko bilera.

Urtarriletik aurrera gazteentzako idazketa tailer bat eskaini nahi du Zumaiako Udalak. Bertan, idatziz eta irakurriz, euskal literaturaren berri izango dute eta idazten zein irakurtzen ikasiko dute.  Tailerra, batetik, gazte literaturzaleei dago zuzendua, baina baita beste hainbat gazteri ere, literaturazale izan gabe, idaztea gustuko dutenak edo etorkizuneko lanbidean asko idatzi beharko dutenak (kazetariak, abokatuak... lan gehienetan prestatu behar dira testu eta txosten ugari). Testu bat antolatzeko estrategiak ikasiko dituzte, hizkuntza modu eraginkor eta kreatibo batean erabiltzen... eta, bide batez, gazte horiek letramintzeko saiakera ere egingo da.

Poesia, prosa, antzerkia, saiakera... genero guztiak landuko dira adibide ugarirekin eta euskarazko literaturaren eskutik. Printzipioz, 14-18 urteko gazteei zuzenduta badago ere, ez zaizkio inori ateak itxi nahi: gazteagoak eta zaharragoak ere ondo etorriak izango dira.

Zalantzak argitzeko eta ordu kopurua, egunak eta abar zehazteko bilera bat egingo da abenduaren 17an, 19:00etan, Alondegia kultur etxean.