Beste edukiontzi gune bat erre izana gogor salatu du Zumaiako Udalak

2018/06/21

Ez da Zumaian edukiontzien aurkako lehen erasoa, baina Udalak azkena izatea espero du, izan ere, horrelako ekintzek ez dakarte inorentzako onurarik eta kalteak guztion artean ordaintzen ditugu. Udalak gaineratu du zumaiarrak aspertuta eta nazkatuta daudela publikoak nahiz pribatuak diren ondasunen aurka egiten diren erasoez eta horrelako ekintzek, gainera, herritarren segurtasuna ere arriskuan jartzen dute.

Gaur goizaldean Txomin Agirren, Pulpo elkartearen parean, kokatutako edukiontzi gune bati su eman diote eta bertan zeuden ia edukiontzi guztiak erretzeaz gain, auto batek eta Pulpo elkartea eta gaineko etxebizitzak dauden eraikinak berak ere kalteak jasan dituzte. Zoritxarrez ez da Zumaian edukiontzien aurkako lehen erasoa, baina Udalak azkena izatea espero du, izan ere, horrelako ekintzek ez dakarte inorentzako onurarik eta kalteak guztion artean ordaintzen ditugu.  Horrelako ekintzek, gainera, herritarren segurtasuna ere arriskuan jartzen dute, ez da ahaztu behar herriko eraikin askoren egitura egurrezkoa dela

Udalak, beste behin, guztionak, nahiz partikularrenak diren ondasunekiko errespetua eskatu du. Horrelakoek ez dute lekurik gure gizartean eta elkarbizitzaren oinarrizko printzipioak urratzen dituzte Udalaren aburuz. Gatazkak eta erasoak iraganean utzi eta bizikidetza eraikitzeko garaia da.

Udalak gaineratu du zumaiarrak aspertuta eta nazkatuta daudela publikoak nahiz pribatuak diren ondasunen aurka egiten diren erasoez eta horren adierazgarri dela, kasu honetan eta beste zenbaitetan, herritarrek ekintza hauek burutu dituztenak salatu eta identifikatzeko baliagarriak izan daitezken datuak eman izana.

Egileei errespetua eskatu die Udalak eta gauzak egiteko eta beren aurkakotasuna edo aldarriak adierazteko beste bide batzuk erabiltzeko.