Zumaiako Udalak azken erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak
Azken erailketa sexista salatzearekin batera, hildakoaren familia eta gertukoei babesa adierazi nahi die Zumaiako Udalak. Horrekin batera dei egiten die zumaiarrei bihar (larunbata) Saregile plazan egingo den protestan parte hartzera.
Zumaiako Udalak gogor salatu nahi du Irunen gertatutako erailketa sexista eta hildakoaren familia eta gertukoei elkartasun osoa adierazi nahi die.
Urtea honetan indarkeria sexistaren ondorioz eraildako bigarren emakumea da Euskal Herrian. Udalak argi utzi nahi du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, ez Zumaian eta ez beste inon ere. Eta honen aurrean, herritar guztien inplikazioa eskatzen du. Izan ere, herritarron ardura ere bada indarkeria ororen aurrean jarrera aktiboan jokatzea.
Horrenbestez, Zumaiako Udalak bat egiten du Zumaiako Mugimendu Feministak egindako deialdiarekin eta herritar guztiei dei egiten die, bihar, otsailak 8, larunbata, 13:00etan, Saregile plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera.