Antzerkia: 'Babiloniako Loreak'
Sinopsia:
T. Adornok esan zuen ezin zela poesiarik idatzi Auschwitz ostean. Agian egia izango da, ez gaitu historiaren sarraskien erruak utziko kantu ttipietan ibiltzen gudu zelaien hautsean.
Akaso labe makabro haien biktimentzat soilik zilegia izan liteke poesia idaztea. Hildakoek soilik hitzegin dezakete hildakoez. Gu ez ginen Auschwitzen izan. Baina alda dezagun metafora, alda dezagun antiutopia: har ditzagun Babiloniako gizakien amets handiak. Jainkoen etxera heltzeko gogo aseezin hura. Gauza jakina da: gizadiaren handinahiaren ondorioa jainkoen amorru eta madarikazioa izan zen. Hona hemen galdera: ez ote da gaur eguneko zibilizazioaren eredua handinahi horren jarraipena? Ez ote gabiltza (gu, gizakiok) iragan hurruneko akats eta handinahikeriak behin eta berriz errepikatzen? Esan nahi da: amaitu al da Babilonia? Edo bortitzago (eta barkatu hiperbolea): ez al gaude oraindik guk geuk sortutako Auschwitz edo Babilonia eraldatu eta diplomatikoago baten harresien artean, munduko jainkoetatik urrun?
Ez dugu esaldi eta galdera agian ezkorregi hauekin geure gizarte edo zibilizazioaren kritika suntsitzaile hutsean geratu nahi. Hiperbole hauek poesia idazteko, kantuka ibiltzeko zilegitasuna berrezkuratzea baino ez dute nahi. Posible da gaur egun poesia idaztea. Zilegia da.
Gu ere gure biktimak garelako. Gure handinahikeriaren, gure amets utopikoen biktimak.
Gizadiaren historiaz haraindi badago objektu poetikorik. Beharrezkoa da gaur kantu bat altxatzea. Are gehiago: ezinbestekoa iruditzen zaigu iraganeko eta eguneko Babiloniako loreei buruz hitzegitea.
Lurreko humus ustel eta beltzenean ernatzen dira lorerik ederrenak.



