Hitzaldia: Elkar zaintzeko sistema publiko komunitario baterantz. Udalerrien erronkak

APIRILAK 6. 18:30
Emakumeon* Etxea

Aurtengo martxoaren 8aren bueltan, Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak zaintzaren gaia mahaigaineratu nahi izan du. Pandemia egoeran zehar inoiz baino ageriago ikusi da bizitzak sustengantzeko zaintzen garrantzia, eta martxoaren 8an mugimendu eta elkarte feministek zaintza sistema publiko-komunitario baten beharrean egin zuten azpimarra. Gainera, Zumaiako Udalaren III. Berdintasun Planean landu beharreko lerro bat da zaintzarena. Gaiaren garrantziaz jabetuta, eta agendan txertatuta dagoen gaia izanik, Zumaiako Udalak bere ekarpena egin nahi dio bide horri. Horregatik, hiru saio antolatu ditu zaintzaren inguruan Zumaian egin beharrekoen inguruan hausnarketa sustatzeko.

Martxoaren erdialdean Ana Fernandez Cubero izan zen Zumaian, eta zaintzen arkitekturen inguruko bi eguneko formazioa eskaini zuen. Oraingoan, Miren Aranguren Emagin elkarteko formatzailea izango da gurean. Saio honetan, elkar zaintzeko sistema publiko-komunitarioaz ariko da Aranguren, fokoa udalerrietako erronketan jarrita. Hitzaldia apirilaren 6an (asteazkena) izango da, 18:30ean Emakumeon* Etxean.