'Zarata', LGBTI+ kolektiboarekiko dugun ikuspegia zabaltzeko

Noiz
EKAINAK 27. 16:00-19:00
Non
OXFORD ARETOA

Hodei Arrastoak zuzendutako 'Zarata' proiektua ekainaren 27an (astelehena) iritsiko da Alondegiko Oxford aretora, LGTBI+ kolektiboaren Harrotasun Egunaren bezperan. 45 minutu inguruko ibilbide bat egingo du bisitariak, eta hamar istorio entzumenaren bidez ezagutzeko aukera izango du.

Datorren astelehenean (ekainak 27), LGTBI+ Harrotasun Egunaren bezperan, esperientzia berezia bizitzeko aukera izango dute zumaiarrek. Audiogida erako erakusketa bat izango da Alondegiko Oxford aretoan, eta 45 minutuko inguruko ibilbidea egingo du entzuleak. Hamar istorio kontatuko dituzte bertan, LGTBI+ kolektiboaren parte diren norbanakoen bizipenak oinarri hartuta. Proiektua Hodei Arrastoa zizurkildarrak sortu du, Hiruki Larroxa Kolektiboaren babesarekin, eta guztira 10 aktorek hartu dute parte istorioen kontaketan. Horien artean dira Telmo Irureta eta Sambou Diaby aktore zumaiarrak.

Antolatzaileek ibilbidearen inguruko hainbat ohar egin dituzte:

  • Bisitak ekainaren 27an (astelehena) izango dira, 16:00tatik 19:00tara bitartean (azken entzulea 19:00tan sartuko da, eta 19:45tan amaituko da).
  • Guztiek ibilbide berbera egingo dute, leku berberean hasita, eta hamar guneetatik orden berberean pasatuko dira.
  • Audioak euskaraz zein gazteleraz entzun ahal izango dira
  • Entzuleek mugikor bat beharko dute
  • Nahi izanez gero, parte hartzaile bakoitzak bere aurikular propioak eraman ditzake
  • Une batean [seigarren istorioa] praktika sexualari buruz modu esplizituan hitz egiten da eta hemezortzi urte baino helduagoei zuzendutako irudiak erakusten dira.

Hodei Arrastoa sortzailearen arabera, LGBTI+ kolektiboarekiko dugun ikuspegia oso murriztua da: "Lesbiana, gay eta pertsona transek osatzen duten talde gisa ikusi ohi da soilik, baina badira beste hainbat pertsona talde horren parte direnak eta ikusgarritasun gutxi ematen zaienak. ZARATAren parte garenok ez gara maisuak, ez dugu egia absoluturik azaldu nahi. LGBTI+ kolektiboaren parte garen norbanakoak gara soilik eta gure bizipenak eta istorioak duintasunez azaldu nahi dizkiegu euskal herritarrei, ezjakintasunak dakartzan tabuek sorrarazten dizkiguten egoera deserosoei aurre eginez. Galdera mordoa egin eta erantzun gutxi batzuk emango ditugu".