1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, ErrotaHerria kanpainaren barruan
30 euroren truke 40 euroko balioa duten bonoak eskuratu ahal izango dira azaroaren 12tik aurrera. Kanpainara atxiki nahi duten establezimenduek azaroaren 8ko 12:00ak baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera.
Zumaiako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu-enpresa txikiei bultzada emateko, ErrotaHerria erosketa bonoen kanpaina berria jarriko dute martxan Zumaiako Udalak eta Gertu merkatari elkarteak. Guztira, 1.000 bono jaulkiko dituzte: 30 euro ordainduta, 40 euroko balioa izango duten erosketa-txartelak eskuratu ahal izango dituzte herritarrek. Hala, kanpainaren bidez, 40.000 euro bideratuko dira Zumaiako establezimenduetan kontsumitzera.
Kanpainara atxikitzeko epea zabalik dago. Parte hartu nahi duten merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza establezimenduek azaroaren 8ko 12:00ak baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera-orria. Horretarako, dokumentua bete eta Zumaiako Turismo Bulegoan aurkeztu edo zumaiaelkartea@gmail.com helbidera bidali beharko dute.
Kanpainaren helburua da herriko saltoki txikietan kontsumoa sustatzea eta herritarren artean Zumaian erosteko ohitura indartzea. Gertu elkarteko kide izan zein ez, baldintzak betetzen dituzten establezimenduek parte hartu ahal izango dute.
OINARRIAK
IZEN-EMATE ORRIA
>> Epea: azaroak 8 (12:00)
>> Info+: zumaiagertuelkartea.eus
30 euro ordainduta, 40 euroko bonoa
Herritarrek azaroaren 12tik aurrera erosi ahal izango dituzte bonoak, Turismo Bulegoan, jaulkitako 1.000 bonoak agortu arte. Bono bakoitzak 40 euroko balioa izango du, eta 10 euroko lau bale izango ditu, banaka edo batera erabiltzeko.
18 urtetik gorako edonork erosi ahal izango ditu bonoak, Zumaian bizi zein ez. Pertsona bakoitzak erosketa bakarra egin ahal izango du, eta erosketa horretan gehienez bi bono eskuratu ahal izango ditu: bat bere izenean eta bestea beste pertsona batentzat. Horretarako, NANaren originala, kopia edo argazkia aurkeztu beharko du.
Bonoak 2026ko azaroaren 12tik 2027ko urtarrilaren 6ra bitartean erabili ahal izango dira, bi egunak barne, kanpainara atxikitako Zumaiako establezimenduetan. Erosketa bakoitzean gehienez lau bono erabili ahal izango dira.
Bonoak ezin izango dira eskudirutan trukatu, eta erosketaren zenbatekoa erabilitako balearen balioa baino txikiagoa bada, ez da diferentzia itzuliko.



