10 emakumek behar izan dute laguntza Zumaian, aurten
Bostek laguntza juridikoa behar izan dute, 4rek laguntza psikologikoa tratu txarrak edo sexu erasoen ondorioz, eta emakume batek larrialdietako alojamendu eskaera egin zuen. Zumaiako Udalak erasoekin amaitzeko konpromisoa berresten du.
Azaroak 25 (ostirala) Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta Zumaiako Udalak arazo horrekin bukatzeko konpromisoa berretsi nahi du. Izan ere, 2011 urtean dagoeneko 10 emakume izan dira Zumaiako Udaleko arreta zerbitzuetara emakumeenganako indarkeria motaren bat jasan dutelako. Horietako 5ek laguntza juridikoa jaso dute (aholkularitza zerbitzua), 4rek tratu txarrengatik edo sexu indarkeria jasan dutelako laguntza psikologikoa behar izan dute (aurten, guztira, 11 lagunek behar izan dute Udaleko Gizarte Zerbitzuetan eskaintzen den laguntza psikologikoa), eta emakume batek larrialdietako alojamendu eskaera egin zuen.
Zumaiako Udala horrelako erasoak ekiditeko lanean ari da. Baina tratu txarrak dauden bitartean, erasotuak diren emakumeak ahalik eta egokien tratatu eta ahalik eta erosoen sentitzeko protoloko bat osatzen ari da. Horretarako, Udaleko departamentu ezberdinak eta herriko eragile ezberdinekin ari dira lanean. Aurki jakinaraziko da horrelako kasuetan jarraitu beharreko bidea.
Deia herritarrei
Bihar, azaroak 25, Urola Kostako Koordinadora Feministak deituta 20:00etan kontzentrazioa egingo da, ohi bezala, mangoliopean. Zumaiako Udalak bat egiten du kontzentrazio horrekin, eta herritarrei dei egiten die kontzentrazio horretara agertu, eta emakumeenganako indarkeriaren aurka egiteko.



