14,5 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2020an

2019/12/13
Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko zinegotzien 9 aldeko bozkekin onartu zituzten aurrekontuak. PSEko ordezkaria abstenitu egin zen, eta EAJko 7 ordezkariak ezezkoa eman zieten aurrekontuei.

2020. urterako 14.568.768,95 euroko aurrekontu-proiektua aurkeztu zuen Udal Gobernu Taldeak. 13.811.040,95 euro Udalaren aurrekontu propioari dagozkio eta 1.329.728 euro Kirol Patronatuari. 2019koekin alderatuz, %0.63ko igoera suposatzen du horrek.

Aurrekontu hauek, "Zumaiarren bizi-baldintzak hobetzeko; Zumaiaren garapenean sakontzeko; eta Zumaia bizitzeko herri bilakatzeko izatea nahi duten legealdiaren lehen urratsa" direla azaldu zuen Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak.

Nabarmendu zituzten proiektu eta politiken artean, honakoak daude: alokairu politiketara bideratuko den 100.000 euroko diru-partida; Gizarte Larrialdietako Laguntzetara 50.000 euro gehiago bideratuko dira (%53ko igoera), besteak beste, pentsionisten kolektiboaren aldarrikapenei bide emateko; Artadi eta Oikiako saneamendua egingo da, horretara guztira 164.778 euro bideratuz; Komentuan egingo den Kultura Topagunearen proiektuaren lehen pausu moduan parte hartze prozesua egingo dute (19.000 euro).

EAJk proposatutako bi emendakin onartu zituen plenoak, Oikiako bidegorriaren proiektuari buruzkoa eta LED argien bigarren faseari martxan jartzeari dagokiona. Horretaz gain, EAJren emendakinari EH Bilduk aurkeztutako kontraemendakinaren bidez, herrigunean zuntz optikoa hedatzeko proiektuaren idazketa egitea onartu zuen plenoak, aho batez.

2020. urterako aurrekontuak

Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak azaldu zituen 2020. urterako Zumaiako Udalak izango duen aurrekontuaren proiektu eta irizpide garrantzitsuenak.

Hirigintza eta espazioen egokitzapenak

Herritarren parte hartzearekin osatuko den Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak zehaztuko ditu datozen urteetarako irizpide nagusiak, lurralde antolamenduari dagokionez.

Agintaldi honetan osatuko den Hiri Antolamendurako Plan Orokorra herritarren parte hartzearekin osatuko da. Horregatik, 2020a hainbat proiekturen azterlanak egiteko aprobetxatuko dute (azterlan horietara orotara 256.000 euro bideratuko dituzte). Besteak beste, honako azterlanak egingo dira: Puntanuetako plan partzialarena, etxebizitza babestu berrien proiektua desblokeatzeko; zineari buruzkoa, egokitze azterketatik ateratako obrak egiteko eta eserlekuak aldatzeko; Larretxoko irisgarritasun plana (igogailua, espaloiak…); San Joseko etxebizitzetan igogailuak ipintzeko azterketa; edota tren geltokirako bidea hiritartzea.

Azterlanez gain, 2020an esku-hartze urbanistikoei dagokienez hainbat lan burutuko dituzte: Artadi eta Oikiako saneamendua egingo da, horretara guztira 164.778 euro bideratuz; Oikiako Eskolako patio berria egingo da; Aita Mari eskolako patio berria egingo da; eta haur parkeetan 21.000 euroko inbertsioak egingo dira. 

Horretaz gain, "aspalditik egin gabe" zeuden berrikuntzak martxan jarriko dira martxan: Udaltzaingoaren eraikina berrituko da, Santiago hondartzako eraikina egiteko lanak martxan jarriko dira eta Brankan eta Odietan apartamentu tutelatu eta emergentziako etxe berriak prestatuko dira, erabilgarriak izateko.

"Zumaia, bizitzeko herria"

“Herritarren bizi-baldintza duinak  bermatzeko politikak ahalbideratu” nahi ditu Udal Gobernuak aurrekontu hauen bidez. Norabide horretan, neurri hauek nabarmendu dituzte:

100.000 euro bideratuko dira alokairu politikak sustatzera.
  • Alokairua sustatzeko politiketara 100.000 euro bideratutako dira. Partida honen baitan, alokairurako laguntza adin guztietara zabaltzea ez ezik beste hainbat kontu aurreikusten dituzte: etxebizitza hutsen eta behe-solairuen egoeraren azterketa, edota alokairu politika sustatzeko eta ASAP programa bideratzeko pertsona baten kontratazioa. 

GLLetan %53ko igoera egingo dute, pentsionisten eskariei erantzuteko.
  • Gizarte Larrialdietako Laguntzetara 50.000 euro gehiago bideratuko dira (%53ko igoera suposatzen du). Igoera honen bitartez, pentsionisten kolektiboaren aldarrikapenei bide emango zaio. Oro har, Gizarte Zerbitzuetara 100.000 euro gehiago bideratuko dira (%4ko igoera).

  • Tokiko garapen ekonomikoari dagokionez, enplegu politikak bultzatzeko eta enpresa garapenerako Mankomunitateari 266.231 euro bideratuko zaizkio.

"Zumaia, herri bizi eta hezitzailea"

"Lehentasunezko" proiektua izango da Komentuko Kultur Topagunearena, kultur arloari ez ezik, Alde Zaharrari emango dion bizitzagatik.

Kultura arloko aurrekontua %12,92an igoko da. Komentuan egingo den Kultura Topagunearen proiektuaren abiapuntu moduan, eragileekin parte hartze prozesu bat egingo du Udalak. "Lehentasunezko" proiektutzat hartzen du honakoa Udal Gobernuak, kultur arloari ez ezik, Alde Zaharrari emango dion bizitzagatik. Liburutegira bideratutako partidan 13.000 euroko igoera egongo da (%7ko igoera). 

Musika eskolari dagokionez, kudeaketarako lehiaketa berriaren baldintzak legearen arabera egokitzeko, diru-partida igo da (207.300 euro). Bestalde, Honen bidez, Liburutegiko zerbitzua eta eskaintza hobetu nahi du Udal Gobernuak.

Hezkuntza arloari dagokionez, "hezkuntza komunitateko kide eta elkarte desberdinek batera" landuko dute gaia, besteak beste Haurreskolaren berrantolaketa zehazteko. Txiribuelta 0-6 bitarteko haur eta gurasoak biltzen dituen elkartearen eskaerei erantzuteko 33.000 euroko diru-partida aurreikusi da aurrekontuetan. 

Kirolari dagokionez, kirol-elkarteak eta kirol probak babestuko ditu Udalak. Gainera, itsas kiroldegian eta Lubaki kiroldegian inbertsioak egingo ditu Udalak instalazioen egoera hobetzeko. Guztira, 572.000 euro bideratuko dira kirol arlora.

Zeharkako politikak

Zeharkako politiken garrantzia "bereziki azpimarratu" nahi du Udal Gobernuak, izan ere, "modu batean edo bestean gainontzeko proiektu guztiak zipriztintzen dituzte duten izaera transbertsala dela eta".

Ikuspegi feminista gainontzeko alor guztietan modu transbertsalean lantzeko "ahalegin berezia" egingo du Udal Gobernuak.

Orotara, 15.000 euro gehiago txertatu dira berdintasun arloan (%13ko igoera suposatzen du honek). Ikuspegi feminista gainontzeko alor guztietan modu transbertsalean lantzeko "ahalegin berezia" egingo du Udal Gobernuak. Berritasun moduan, aurten genero identitatea eta sexu aniztasunari buruzko lan-lerroa irekiko da (10.000 euro bideratuko dira horretara). Aurrekontu berean, gazteriaren gaia lantzeko diru-laguntzak emateko 9.000 euroko partida sortu da.

Euskarari dagokionez, igoera aipagarriena Baleike eta Urola Kostako Hitza barne hartzen dituen eskualdeko komunikabide proiektu berriaren laguntzetan ematen da (57.715€). Bestalde, euskara normalizatzeko planaren aurrekontua igoko da. Zentzu horretan, haurrek aisialdian euskaraz jolastu dezaten sustatzeko saioak egingo dira.

Jatorri aniztasunari dagokionean, Zumaiako biztanleriaren datuen eguneraketa egingo du Zumaiako Udalak. Bestalde, Harrera protokoloa idatziko du. Aurreko urteetako aurrekontuetan lerro hauek aurreikusten baziren ere, orain artean ez da gauzatu. Zentzu horretan, Zumaiako Udal Gobernuak "aurtengoan proiektu horiek martxan jartzeko konpromisoa" agertu du.

Ingurumen arloan, Urola Itsasadarra garatzeko partida eta ekimenak sortu dira, ingurumenaren zaintza garrantzitsua delako. Bestalde, Zumaiako energia estrategiaren diagnostiko teknikoa egiten hasi da Zumaiako Udala. 

Publifikazioari begira, lehen pausu moduan, herritarren beharrei erantzuteko bi Udaltzaingo postu berri sortuko dira; Brigadan, bestalde, beste bi lanpostu berri sortuko dira. "Azpikontratazioa murriztea" izango da Udal Gobernuaren helburua hurrengo lau urteetan.

Oposizioaren emendakinak eta kritikak

EAJk 15 emendakin aurkeztu zizkion Udal Gobernuaren aurrekontu-proiektuei (guztira 400.000 euroko aldaketa). Besteak beste, Oikiako bidegorria martxan jartzeko proposamena, zuntz optikoa herrian hedatzea, Etxezarreta eta Axularreko bulebarizazioa, lokal publikoen azterketa egitea… aurrekontuetan txertatzeko proposamenak egin zituzten. Udal Gobernuaren iritziz, egindako hainbat emendakinetako jasotako lanak "aurrekontuetan txertatuta daude".

EAJko ordezkariek azaldu zutenaren arabera, “proposamenak egiteko erabilitako diru-partidak, batez ere, desadostasuna sortzen diguten proiektu horietatik atera” dituzte, hala nola: Txiribueltaren diru-laguntza, Emakumeen Etxerako dinamizatzailearen kontratazioa, Santiago hondartzako zerbitzu-eraikina eta Komentuko Kultur Topagunearen proiektuaren inguruko kudeaketaren partidetatik.

EAJk aurkeztutako bi emendakin onartu zituen plenoak. Alde batetik, Oikiako bidegorriaren proiektua martxan jartzeko lehen pausuak ematearen aldeko emendakinari bide eman zioten EH Bilduren eta EAJren aldeko bozkek (guztira 16); PSEko ordezkaria abstenitu egin zen, “Aldundiaren edo Udalaren eskumena den ez dagoelako argi”. Iñaki Ostolaza alkateak oposizioko ordezkariak gonbidatu zituen Udal Gobernuko ordezkariekin batera Aldundira gai hau eramateko. Bestalde, LED argiteriaren bigarren fasea martxan jartzeko proposamena ere onartu zuen plenoak, aho batez.

Era berean, zuntz optikoaren hedapenaren alde agertu zen pleno osoa. EH Bilduk EAJk aurkeztutako emendakinari egindako kontraemendakinaren bidez, gutxitzen den diru-partidan aldaketa bat egin zen (EAJk Txiribueltari bideratutako partidatik kentzea proposatzen zuen; EH Bilduk hirigintza arloko azterlanetatik).

EAJren izenean Iker Mardaras eta Mari Kruz Alvarezek egin zuten aurrekontuen inguruko irakurketa orokorra. Mardarasek azaldu zuenez, “kezkatuta daude 1. kapituluan, pertsonalari dagokionean, egon den igoerarekin”. “Gobernu Taldeak aurreko legealdian baino kide gehiago ditu liberatuta, Kirol Patronatuan bi zuzendari izando ditugu, brigadan eta udaltzaingoan lanpostu gehiago sortu nahi dira… eta horrek gastu fijoak igo egiten ditu”. Horretaz gain, desadostasuna agertu zuten Emakumeen Etxerako dinamitzaile bat kontratatzera bideratutako partidarekiko: “fase honetan ez da beharrezkoa, berdintasun teknikariak egin dezake lan hori”. Bestalde, Txiribuelta elkartearen beharrei erantzuteko hartutako bidea desegokitzat jo zuten, “20.000 euro lokal pribatu batean inbertitzea egokia ez delako”. Komentuan egingo den Kultur Topagunearen inguruan, zera adierazi zuten: “zergatik ez dugu parte hartze prozesu bat egingo kirol instalakuntzei dagokionean? Herritarrek aukeratu dezatela zein den lehentasuna”.

Alvarezen arabera, “eredu talka nabarmen bat” dago bi alderdien proposamenen artean. Gainera, aurrekontuak parte hartze prozesu baten bidez egin ez izana kritikatu zioten gobernuari.

Iñaki Ostolaza alkateak erantzun zien Udal Gobernuaren izenean: “eredu talka bat dago, hala da. Elkarlanerako eskua luzatuta daukagu beti, baina jakinda bi aldeek eredu desberdinak ditugula. 1. kapituluak beti egin izan dugu talka”. Zentzu berean, publifikazioaren aldeko konpromisoa agertu zuen: “udal eskumenaren bidez eman daitezkeen zerbitzuak, ahal den heinean, udal langileek eman behar dituzte, eta ez azpikontratatu; eta hurrengo lau urte hauetan, norabide horretan egingo dugu lan”. Bestalde, kirol eta kultur arloko beharrak “modu dikotomikoak aurkeztu izana” kritikatu zion EAJri: “guk behar guztiak aztertuko ditugu, eta horiek konpontzeko egingo dugu lan”. Txribueltari dagokionean, “eraikin egokia libratu bitartean, bitarteko neurri moduan, aztertu ditugun aukera desberdin guzti horietatik planteatutakoa iruditzen zaigu onena”.

Arritxu Marañon PSE-ko zinegotziak “konfidantzazko boto moduan” abstentzioa eman zien EH Bilduren Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuei, “lehen aurrekontuak izanda norabidea ezagutu behar delako”. Txiribueltari zuzendutako diru-laguntzaren inguruko kezkak azaldu zituen, eta era berean, Estazioko auzoari dagokionez urjentziazko lanak egiteko daudela azpimarratu zuen. Iñaki Ostolaza alkateak eskertu egin zion “konfidantzazko abstentzioa” eman izana.