1937an Zumaia utzi behar izan zutenak oroitzeko ekitaldia egingo du Udalak, ostiralean

2012/02/22

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldia udaletxeko pleno aretoan, eta nahi duen oro joan daiteke bertara; ekitaldi irekia izango da.

 

 

1937ko otsailaren 13 eta 14an 256 herritarrek utzi behar izan zuten herria, garai hartako Udalak erabakita. Egun horietan Zumaia utzi behar izan zutenez gain, gerra zein diktadura urte haietan, beste hainbat gizabanako zein familiak ere alde egin behar izan zuten herritik. Orain, altxamendu militar batek, garai hartako tokian tokiko gobernu demokratikoak zokoratzea salatu eta, milaka herritarren eskubideak zapaldu zituela oroitu nahi du Zumaiako Udalak.  Horretarako, otsailaren 24an, 18:00etatik aurrera ekitaldi instituzional bat egingo du, herritar guztiei irekia, udaletxeko pleno aretoan.

 

Zumaian, familia ugarik utzi behar izan zuten herria mehatxuen beldur. Herritar horiei zein beste batzuei mota guztietako eskubideak zapaldu zitzaizkien urte horietan. Urte horretatik aurrera gizabanakoon askatasuna eta eskubideak urratu zituzten: ideiengatik, hizkuntzagatik, sexu aukerengatik…. Dena delako arrazoiengatik hamarkada luzetako jazarpena bizi izan zuen jende askok. Udalak herritar horien oroitzeko egingo du ekitaldia.

Ekitaldia

Ekitaldi xumea egin nahi du Zumaiako Udalak. Baina 75 urte beranduago, herritarrak kanporatzeko erabakia  hartu zen lekuan oroitu nahi dituzte orain. Ekitaldian parte hartuko dute, Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako Alkateak eta Marina Bidasoro Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Memoria Historikorako Zuzendari Nagusiak. Jon Maia bertsolaria ere bertan izango da kantuan, eta ikus-entzunezko dokumentuak ere izango dira ikusgai. Horretaz gain, Udala eta Erkibe Kultur Elkartea zituzten datuekin, urte horietan Zumaia utzi behar izan zutenak edo beren familiak ekitaldira gonbidatzen aritu da, eta bertan izango dira asko eta asko. Ez da lan erreza izan hala ere herritar guztiengana iristea. Hori horrela, Udalak publikoki ere garai hartan era bateko zein besteko giza-eskubideen urratzea zein zapalketa jasan zituzten guztiak gonbidatu nahi ditu ekitaldira.