1937an Zumaia utzi behar izan zutenen aldeko adierazpena

2012/02/14

Udal alderdi politiko guztiek (Bildu, EAJ, PSE-EE eta Aralar) adostuta, atzo prentsaurrean azaldu zuten adierazpena. Horretaz gain, hilaren 24an, herria utzi behar izan zuten haiek eta garai gogor haietan jazarpena jasan zutenak oroitzeko ekitaldi xume bat egingo dute.

 

Orain dela 75 urte, altxamendu militar batek, garai hartako tokian tokiko gobernu demokratikoak zokoratzeaz gain, milaka herritarren eskubideak zapaldu zituen bortizki. Zumaian, dozenaka familiak gure herria laga behar izan zuten mehatxuen beldur, eta herritar horien zein beste batzuen mota guztietako eskubideak zapaldu ziren. Urte horretatik aurrera gizabanakoon askatasuna eta eskubideak urratu zituzten: ideiengatik, hizkuntzagatik, sexu aukerengatik edo dena delako arrazoiengatik hamarkada luzetako jazarpena bizi izan zuen jende askok.

Jazarpenok, legitimotasunik gabeko erakunde publikoen bitartez gauzatu ziren, horrek ondorio larriak ekarri zituen gizabanakoen eskubideei dagokienez. Golpe militarrak garai haietako herritarren legezko ordezkarien aurka jo zuen, zilegitasunik gabeko erakundeak sortu zituen eta, beraz, herritarren nahia kontuan izan gabe hartu ziren hainbat erabaki, urte askoan.

 

Hori guztia aintzat hartuta, udal honek hauxe adierazi nahi du:

 

1. Izandako gertakarien egia publiko egitea eta osotasunez ziurtatzea, ezinbesteko helburua da edozein administrazio publikorentzat, gai honi buruz nazioarteko xedapenek esaten dutenari jarraituz: egia jakiteko eskubidea, justizia egiteko eskubidea eta biktimen ordainerako eskubidea bermatzea. Horrekin lotuta, bereziki gure herritik alde egin beharra izan zuten guztiei zein haien familiartekoei, elkartasuna adierazi nahi diegu, eta bidegabekeria baten biktimak izan zirela aitortu.

 

2. Kolpe militarren ildotik sortutako erakunde publikoek, herri honetako Udala barne, ez zuten herritarren nahia ordezkatzen eta beraz, ez ziren izan legitimoak. Kolpearen aurretik zegoen Udalak zuen zilegitasun osoa zein hura ordezkatzen zuten alkate eta zinegotzien aitortza egin nahi dugu: Victoriano Arrate alkatea, Martin Elorriaga, Leon Esnal, Alejandro Lartige, Gabriel Betondo, Manuel Urruzuno, Eduardo Zubia, Zakarias Arrizabalaga eta Sotero Azpeitia zinegotziak.

 

3. Legitimotasunik ez zuen 1949ko udal plenoak Francisco Franco faxista herriko ohorezko alkate izendatzen zuen erabakia bertan behera utzi, eta aldi berean, gizakiaren kontrako krimenak gauzatzea leporatu nahi dio.