Azaroaren 15eko Salbamendurako Batzordearen lana errekonozituz

2010/11/11

Bihar, azaroak 12, Iñaki Zoritak Salbamenduko Juntari buruzko liburua aurkeztuko du, 19:00etan, komentuan.

1960 urteko azaroaren 15a oraindik zumaiar askoren memorian dago gordea. 50 urte beranduago, ere egun hartako gertakaria presente da Zumaiarren artean. Egun horretako gertakari haren ondotik Salbamenduko Junta sortu zen herrian. Iñaki Zoritak, bihar, hilak 12, gertakari haien eta Salbamenduko Juntaren historiaren inguruan egin duen liburua aurkeztuko du. 19:00etan, komentuan izango da aurkezpena.

Zumaia hunkitu zuen gertakaria

Eguerdi partean, Begoña merkatal itsasontziaren itsasoratzea ikusteko asmotan hainbat gaztetxo hurbildu ziren portuko barrara. Itsasoa haserre zegoen, eta ustekabean, olatu erraldoi bat agertu zen itsasotik. Ezustekoak harrapatuta, batzuk barrako hormak babestu zituen, beste batzuk barran bertan jausi ziren, baina beste zazpi gaztetxo olatuak eraman zituen berekin.

Berehala, inguruan zeuden herritarrak portua inguratu zuten gaztetxo haiek heriotik salbatzeko, baina barra aldetik itsasoa mugituegia zegoen gaztetxoengana iristeko. Itsasora salto egin zutenen artean Rudi Holke zumaiar kirolaria zegoen, zeinak itsasora Santiago aldetik sartzea erabaki zuen alde horretatik itsasoak indar gutxiago zuelako. Bere ahaleginak mutiletako bat bizirik ateratzeko balio ahal izan zuen.


Azaroak 15 Salbamendurako Batzordea


Gertaera haien ondorioz, zumaiar talde batek Salbamendurako Batzorde Nazionalari Zumaiako portua beharrezko elementu guztiekin hornitzea eskatu zioten, etorkizunean gerta litezkeen istripuetan laguntzeko. Baliabide teknikoak nahiz giza baliabideak antolatu ziren, eta borondatezko lanaren ondorioz, Espainiar Estatuko lehenengotako sorospen taldea sortu zuen: Azaroak 15 Salbamendurako Batzordea. Ondoren, Orio eta Zarautzen ere horrelako taldeak sortu ziren. Urte hartaz geroztik itsas ezbehar askotan laguntza paregabea eskaini zuten sorospen-talde haiek. Azaroak 15 Salbamendurako Batzordeak bere ekimena amaitu zuen, Gurutze Gorriak ardura bere gain hartu zuenean.


1960ko azaroaren 15ean bizi galdu zuten Ignacio Achaga Aguirre, Jacinto Aguirrezabalaga Arregui, Manuel Urbieta Arrizabalaga, Pedro María García Aristondo, Tomas Mendizabal Echave, Manuel Martija Mancisidor gaztetxoen eta historian zehar itsasoak kendu dizkigun zumaiar guztien omenez, eta Salbamendurako batzordearen lana gogoratu eta eskertzeko egin du liburua Zoritak.