2,2 milioi euroko kreditu aldaketa onartu du udalbatzak, udal zerbitzuen premiei eta obligazioei aurre egiteko
Proposamenak EH Bilduren eta PSE-EEren babesa jaso du; EAJ abstenitu egin da bozketan. 2025eko udal aurrekontuaren likidazioaren eta egonkortasun txostenaren berri ere eman zuten udalbatzarrean.
Udal Gobernuak 2,2 milioi euroko kreditu aldaketa proposatu zuen apirileko ohiko udalbatzarrean, eta aurrera atera zen EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Proposamenaren helburua da udal zerbitzuek dituzten premiei eta obligazioei erantzutea, zerbitzuen kalitatea bermatzea eta behar adinako krediturik ez duten gastu partidak osatzea.
EAJren arabera, kreditu gehikuntzak aurrekontuetan aurreikusitako hainbat proiektu finantzatzeko balioko du, baina ohartarazi du neurriak aurrekontu osoaren %10eko igoera dakarrela.
Udal kudeaketarekin lotutako gastuez gain, besteak beste, honako inbertsioetarako bideratuko da onartutako kreditua: bide publikoetako hobekuntza obrak (538.051 euro), hirigintzako azterlanak (93.000), haur parkeak berritzeko lanak (430.000), skate parkea (225.000), bide publikoen mantenua (50.000), argiteria mantentzea (20.000) eta argiteria publikoa (35.000), jubilatuen etxeko konponketak (15.000), Aitzuriko argiteria hobetzea (40.000), itsas kiroldegiko garabia konpontzea (20.000) eta Oikiako pilotalekuko lanak (8.000).
Finantza osasuna, "bikaina"
Unai Larrañaga Ogasun zinegotziak, bestalde, 2025eko aurrekontuaren likidazioaren eta egonkortasun txostenaren berri eman zuen. Haren arabera, gastuen %77,93 eta inbertsioen %45,50 gauzatu dira, aurreko urteekin alderatuta maila handiagoan. Sarrerei dagokienez, aurrekontua bete dela azpimarratu zuen, eta ondorioztatu zuen udalaren finantza osasuna "bikaina" dela: "Horri esker egin ahal izan ditugu inbertsioetako gehikuntzak".
Iker Mardaras EAJren zinegotziak kritikatu zuen 5,2 milioi euro erabili gabe geratu izana, eta adierazi zuen zenbait arlotan egoera hori errepikakorra dela. Besteak beste, itsas kiroldegiko garabia eta bideen hobekuntzak aipatu zituen. Haren ustez, gauzatu ezin diren proiektuak iragartzeak eragiten du egoera hori.
Ogasun zinegotziak, bere aldetik, Hirigintza Sailaren lana nabarmendu zuen, eta datuekin erantzun zien jeltzaleei: "Zuen azken agintaldian gauzatze mailaren batez bestekoa %43,94koa izan zen, gure agintaldiko urte txarrena baino baxuagoa. Gogoratu legealdi honetan 14 milioi eurotik gorako inbertsioak aurrera atera dituela Udalak".



