2010eko egutegi fiskala argitaratu da
Udalak dagoeneko etxez-etxe banatu die herritarrei, eta horrez gain, webgune honetan ere kontsultatu daiteke, zergen atalean.
Zumaiako Udalak jada argitaratu du 2010erako zerga eta tasen ordainketak noiz egingo diren zehazten duen egutegi fiskala. Egutegia herritarrei etxeetara bidali zaie dagoeneko, eta horretaz aparte, webgune honetan ere kontsultatu daiteke, zergen atalean.
Hala, martxoaren 1etik apirilaren 8ra bitartean kobratuko zaie herritarrei Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zerga. Landa eta Hiri Ondasun Higiezinen gaineko zerga, berriz, maiatzaren 14tik uztailaren 2ra artean kobratuko da, eta Ekonomi Jardueren gainekoa urriaren 1etik azaroaren 10era. Azkenik, urte amaieran egingo da Ibien, toldoen, lur eta lurrazpiko okupazioaren, taxi baimenen eta hilerriko mantentze lanen kobrantza, urriaren 1etik azaroaren 5era hain zuzen.
Tasei dagokienez, lau hiruhilekotan banatuta kobratuko dira uraren eta zaborraren tasak aurten ere.
Helbideratutako eta helbideratu gabeko erreziboak
Udalaren Kontu-hartzailetzako bulegotik azaldu dutenez, helbideratutako erreziboak banketxe eta aurrezki kutxetako kontuetan kargatuko dira, borondatez ordaintzeko epearen azkeneko egunean. Helbideratu gabekoak, berriz, ohiko postaz bidaliko dira helbide fiskalera. Erreziboa jasotzen ez bada, kopia bat eskatu beharko da Udal-Zerga-Bilketa bulegoan.



