2010erako aurrekontuak ere herritarren ekarpenekin osatuko ditu Udalak
Urrian hasiko dira auzokako bilerak eta arlokakoak, berriz, azaroan egingo dira. Datozen asteetan herritar guztiei gonbidapenak bidaliko zaizkie, eta iazko parte-hartzaileek egin zituzten proposamenen erantzunekin gutuna jasoko dute.
Aurten ere, Zumaiako Udalak datorren urteko aurrekontuak modu parte hartzailean lantzeko prozesua martxan jarriko du. Aurreko urtean ekin zion Udalak ekimen honi estreinakoz eta auzo guztietako pertsonek parte hartu zuten, baita arlo eta talde desberdinetakoak ere eta, nola ez, udal-teknikari eta politikariak.
Herritar eta udal-langileria nahiz politikarien arteko elkarrizketa, eztabaida eta hausnarketaren bidez landutako prozesu haren emaitza, parte hartu zuten guztiek adostutako beharren zerrenda izan zen. Jasotako datuen arabera, 80 pertsona inguruk parte hartu zuten iazko saioan eta denera, 140 proposamen inguru jaso ziren. Ildo beretik, egiteko moduak aldatu eta Zumaian parte-hartzearen aldeko urratsak eta oinarriak ezarri ziren.
Epe luzeagorako proposamenak
Aurtengo dinamikan, datorren urterako proposamenak jasotzeaz gain, epe luzeagorako nahiz ikuspegi estrategikoz egindako ekarpenak jasotzea izango du helburu Udalak.
Auzokako bileren egutegia
| Data |
Ordua | Saioa | Tokia |
|---|---|---|---|
| Urriak 6 | 19:00 | Parolaldea, Larretxo, San Telmo eta Ardantzabide | Udaletxea |
| Urriak 8 |
19:00 | Odieta, San Jose, Alde Zaharra eta Erribera kalea | Udaletxea |
| Urriak 13 |
19:00 | Basadi, Aita Mari, Alai eta Puntanoeta | Branka |
| Urriak 15 |
19:00 | Narrondo, Artadi, Oikia, Estazioa eta Jadarre | Branka |
Auzokako bileren ondoren, arlokakoak egingo dira azaroan. Aurrerago emango da arlokako bileren egutegiaren berri. Bilera horiek guztiak egin ondoren, emaitzak jasotzeko txosten bat egingo da, Aurrekontu Batzordean aztertzeko. Bertara gonbidatuko dira prozesu guztian zehar parte hartu duten pertsonak: herritarrak, udal-teknikariak eta politikariak.
Herritarrei parte hartzeko deia
Zumaiako Udaletik azpimarratu nahi dugu bilera hauetan parte hartzeko nahikoa dela Zumaiako herritarra izatea. Ez da prestakuntzarik edo aparteko ezagutzarik behar. Herritarra izatea, herria hobetzeko gogoa izatea eta proposamenak egitea da garrantzitsuena!
Era berean, bileretara elkarrekin eraikitzeko borondatearekin etortzeko eskatu nahi diegu aurten ere herritarrei. Aurrekontuak herritarrekin batera lantzean, bakoitzaren interes partikularretatik aurrerago, guztion premiak eta proposamenak kontuan hartzea bultzatu nahi dugu.
Bilerez gain, ekarpenak egiteko beste bide batzuk martxan jarriko ditu Udalak:
- Internet bidez www.zumaia.net helbidean ekarpenak egiteko txoko bat jarriko dugu.
- Bileretara etortzerik ez duten herritarren ekarpenak idatziz jasotzeko ohiko postontziak erabiliko ditugu. Postontzi hauke honako lekuetan daude: Kiroldegian, Foronda Kultur Etxean eta Udaletxean.



