2012ko herri-aurrekontuak osatzeko prozesua hasiko da datorren asteazkenean

2011/11/10

Zumaiako Udalak garrantzitsutzat jotzen du herritarrekin batera aurrekontuak osatzea. Asteazkenean, hilak 16, 18:30etan egingo dute lehen lan-saioa udaletxeko pleno aretoan.

 

Beste urte batez jarraian, Zumaiako Udalak apustua egin du aurrekontuak herritarren partaidetzaren bidez lantzeko prozesua abian jartzeko.

Zumaiako Udalak, 2008. urteko azken hiruhilekoan, jarri zuen lehen aldiz abian zumaiarren partaidetzaren bidez lantzeko prozesua. Ordutik, urtez urte prozesu bakoitzetik gauzak ikasten eta egokitzen joan gara, eta aurtengorako ere herritarren proposamenak jasotzeko prozesua atondu dugu.

Parte hartzeko prozesu honekin udalak nahi duena da, herritarrek nahi bezalako Zumaia zein den gertuagotik ezagutzea, eta herria hobetzeko herritarrek proposatutako neurriak zeintzuk diren jakitea. Aurrekontuak osatzerakoan kontuan hartzeko. Horretaz gain, herritarrei udaleko informazioa plazaratuko die udalak eta Udalaren funtzionamenduaren inguruko azalpenak ere emango ditu.

Herritar, udal-teknikari eta politikarien arteko elkarrizketa, eztabaida eta hausnarketaren bidez landuko da prozesua, eta emaitza onak jaso nahi ditu Udalak. Aurreko urteetan eman diren parte-hartzearen eta eraikuntza kolektiboaren urratsei jarraiki, bide horretan egin nahi da lana aurtengoan ere.

Azken bi urteotan gertatu ez den bezala, gainera, 2012an Zumaiako Udalak aurrekontuak onartuko ditu, eta, beraz, parte- hartzeko prozesu hori benetan izango da garrantzitsua. Izan ere, hor hitz egiten edo erabakitzen denak gero eragina izango baitu aurrekontuetan.

 Zumaiako Udalak, prozesu horretarako parte-hartzaileak bilatuko ditu. Iazko parte- hartzaileak eta eragileak gonbidatuko ditugu.Aurrez aurre eta elkarren ondoan nahi dugulako hasi aurrekontuen prozesu hau. Guk nahi duguna da herritarrak konturatzea aurrekontuak garrantzitsuak direla, badaukatela zer esanik aurrekontuetan eta iritzi horiek aintzat hartuko ditugula.

Azken lau urteotan jasotako proposamenei erantzunez, hainbat obra egin, eta beste hainbat zerbitzu eskaini dira. Besteak beste, herritarrek egindako proposamenekin bat egiten duelako du Berdintasun Sailak teknikari propioa Udalak. Bide beretik, Gizarte Zerbitzuak ere indartu dira, azken urteotan. Hirigintzari dagokionez ere, Moilaberriko zubia eta Txomin Agirre kaia eraberritu eta egokitu dira.

Auzoetako beharrren inguruan hitz egin eta proposamenak egin dizkiguten bidelagun izanda, San Jose auzoko Plan Berezia egiten ari gara, eta Narruondora arteko pasabidea bukatzear da.

Proposamenak, adin guztietako jendeak egin ditu, eta denei jarri zaie arreta. Horrela, gazteen nahi eta beharrei ere erantzun hobea emateko bidea izan dira azken urteotako prozesuak. Zumaiako Gaztetxea eta musika- taldeek entseatzeko lokalak dira horren adibide garbia.

 

Prozesuaren nondik norakoak

Aurtengo herri-aurrekontuei dagokion prozesuan, herritarrekin hiru saio egingo dira. Lehen bi saioetan, batik bat, informazioa emango zaie herritarrei. Horrela beharrezko informazioa izanda, proposamen zehatzago eta osatuagoak egiteko aukera izango baitute herritarrek:

 

Hona hemen lan-saioak:

Lehenengo lan-saioa: azaroaren 16an

Udalak bi gai garrantzitsu ditu esku artean: Zumaia Lantzen sozietatea eta frontoiaren proiektua. Hori dela-eta, bilera honetan horiei buruzko informazioa emango dute udal-ordezkariek eta, ondoren, herritarren iritziak bilduko dira.

 

Bigarren lan-saioa: azaroaren 23an

Bi atal izango ditu saioak: batetik, hainbat datu emango dituzte proiektu eta arlo ezberdinen inguruan udal-ordezkariek, herritarrek ahalik eta informazio osatuena izan dezaten; bestetik, herritarren iritziak, kezkak eta proposamenak jasoko ditugu.

Bilera honetan, parte hartzeko aurrekontuen eboluzioa aurkeztu eta proiektuak emandakoa azalduko da. Hau da, aurreko urteetan egindakoaren inguruan arituko dira: zer lan egin den; zer proposatu zen, zer onartu zen, zer utzi zen atzean, zer dagoen egiteko… azalduko du arlo bakoitzeko udal teknikariak.

Horretaz, gain, besteak beste, Udalaren egoera ekonomikoa azalduko da, eta gaur egungo testuinguruan kokatuko da. 2011. urteko aurrekontuko hainbat partidaren kostua azalduko da.

 

Hirugarren lan-saioa: azaroaren 30ean

Herritarrei aukera emango zaie aurreko bileran zehaztutako irizpideei jarraituta, proposamenak egiteko. Ondoren, landutako proposamenen artean, herritarrentzat ezinbestekoak direnak adostuko dira.

Bilera guztiak 18:30ean, udaletxeko pleno aretoan egingo dira.

 

Parte hartzeko deia

Herri-aurrekontuetan parte hartzeko baldintza bakarra zumaiarra izatea, edo Zumaian bizitzea da. Ez da inongo prestakuntzarik edo aparteko ezagutzarik behar. Herritar orok du herria hobetzen laguntzeko proposamenen bat, ziur. Herritarra izatea, herria hobetzeko gogoa izatea eta proposamenak egitea da garrantzitsuena!

Gauza bakarra eskatzen zaie herritarrei, ikuspegi ireki eta eraikitzailearekin etortzea. Aurrekontuak herritarrekin batera lantzean, bakoitzaren interes partikularretatik aurrerago, guztion premiak eta proposamenak kontuan hartzea bultzatu nahi dugu.

 Bilerez gain, ekarpenak egiteko beste bide batzuk abian daude.

* Internet bidez webgune honetan bertanekarpenak egiteko txoko bat jarria dugu, urtero bezala. 

* Bileretara etortzerik ez duten herritarren ekarpenak idatziz jasotzeko ohiko postontzia izango da Alondegian.