2012ko ordenantza fiskalak onartu dira, baina ez Udal Gobernuak nahi bezala

2011/10/28

Udal Gobernuak saio bat baino gehiago egin ditu EAJ alderdiarekin negoziatzeko; baina azken unean puntu baten inguruan izandako gaizki ulertu baten ondorioz kontra bozkatu du EAJ-ak.

 

Atzoko plenoan onartu ziren 2012rako ordenantza fiskalak. Bi bozketa egin behar izan ziren, eta azkenean Iñaki Agirrezabalagak alkatearen kalitatezko botoa erabili behar izan zuen onartzeko, bi bozketetan berdinketa izan baitzen. Ordenantza fiskalen alde bozkatu zuen Bilduk (6) eta kontra bozkatu zuten EAJ (5) eta PSE-EEk (1). Aralarreko zinegotzia ez zen plenoan izan.

EAJk goizean Udal Gobernuari azaldu zionez, Udal Gobernuak negoziatzeko azaldutako prestutasuna eta zenbait akordiotara iritsita zirenez, kontra ez bozkatzeko asmoa zuen. Hala ere, trakzio mekanikoen puntu batean izandako gaizki ulertu bat medio, kontra bozkatu zuen. Hala ere, Udal Gobernuak jakinarazi nahi du, puntu horretan ere, bere proposamenetik aldaketak egin, eta EAJ alderdiarekin adosteko puntua bilatzen saiatu dela.

Zumaiako Udal Gobernuak 2012ko tasa eta zergak negoziatzeko borondatea izan du hasiera-hasieratik. Nahiz eta tasa eta zergak aurrera ateratzeko boto beharrik ez izan, Udal Gobernuak EAJrekin negoziatu nahi izan du, horiek ere herritarren zati garrantzitsu bat ordezkatzen dutelako. Horrexegatik, tasa eta zergak negoziatzeari ekin zion. Hemendik aurrera ere, oposizioak horrela nahi badu, behintzat, negoziaziorako zubia eraikitzeko prest da.

Udal Gobernuak tasa eta zergen proposamena zehaztuta izan zuenean, Ogasun Batzordera eraman zuen, eta bertan oposizioko alderdiei aurkeztu zitzaien. EAJ-k kontraproposamen bat eraman zuen, eta Udal Gobernua saiatu da EAJrekin akordioetara iristen. PSE-EEk ez du proposamenik egin eta ez da batzordeetara azaldu, eta, beraz, Udal Gobernuak ez du negoziatu alderdi horrekin.

Udal Gobernuak tasa eta zerga gehienetan KPIa (% 2,8a) igotzea proposatu zuen. Udalari defizita sortzen zaion kasuetan izan ezik. Azken kasu horretan daude, besteak beste zaborra eta uraren tasa. Bi zerbitzu hauen tasetatik Udalak jasotzen dituen sarrerekin ez dira ordaintzen kostuak, eta, beraz, defizitarioak dira.

Zaborraren tasa %20 igoko da. Izan ere, Udalak gaur egun tasa horretatik dituen sarrerekin ez dira gastuak ordaintzen. Zaborraren kasuan, gainera, Udalak 350.000 euro inguruko defizita du. Udalak defizit hori gutxitzea du helburu. Hasierako proposamenean, %25a igotzea proposatu zuen Udal Gobernuak, eta horren aurrean EAJ-k formula bat aurkeztu zuen. Formula horren arabera, %15a igotzea irteten zen. Bi aldeak ados daude zaborrak sortzen duen defizit hori gutxitu egin behar dela, eta azkenean %20 igotzea adostu zen. Uraren tasa, berriz, KPI +1 (%3,8) igoko da, nahiz eta bere kostua %4,8koa izan. Bi tasa horietan, iazko legealdian egin zen defizita murrizteko esfortzua, eta oraingoan ere bide horretatik jarraituko da.