2013ko tasa eta zergak behin-behinean onartu ditu Udalak

2012/11/08

Azken plenoan onartu ziren 2013 urterako Ordenantza Fiskalak behin behinean. Irizpide nagusia KPIa igotzea izango da, salbuespenak salbuespen. Ordenantza Fiskalak onartzearen alde bozkatu zuten Bildu (6)eta Aralarrek (1). Kontra bozkatu zuen EAJk (4, zinegotzi bat falta zen) eta PSE-EE (1) abstenitu egin zen.

 

Azken plenoan onartu ziren 2013ko tasa eta zergak, behin-behinean. Udal Gobernuak irizpide nagusi bat izan du hurrengo urteko tasa eta zergak osatzerako garaian; KPIa igotzea (iazko abuztutik pasaden abuztura arteko EAEko batazbestekoa - %2,4). Hala ere, zenbait salbuespen ere badaude.

Udalak Ordenantza Fiskaletan ezartzen dituen zerga nagusiak honako hauek dira, eta 2013an behin-behinean onartuta horrela gelditzen dira: 

            Higiezinen Gaineko Zerga (IBI):  KPIaren igoera onartu da. Hala ere, bada berrikuntza bat zerga honetan: hutsik dauden etxebizitzei %75eko errekargua ezartzea onartu da. Errekargu honen helburua, hutsik dauden etxebizitzak alokairu merkatura ateratzea da.

Badaude zenbait salbuespen errekargu hau ez aplikatzeko: dagoeneko alokairuan dauden etxeak, familia-kide zuzen bati utzita daudenak, menpekotasun arrazoiak medio hutsik daudenak…

            Jarduera Ekonomikoen gaineko zerga (IAE): Zergan horren tramu eta koefizienteak Foru Aldundiak ezartzen ditu, eta aurten, berrikuntza bat izan dute. Izan ere, Udal fiskalitatean ematen den iruzur nagusia, zerga honetan aplikazioan ematen da. Udal Gobernua horren jakitun izanik, eta hainbat eta hainbat enpresen egoera larriaz jabeturik, aldatzea dugun koefiziente bakarra hori da, eta udalaren eskumena den koefiziente biderkatzailea jaistea erabaki da.

            Trakzio Mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga (IVTM): Turismoen kasuan, zaldi fiskal baxuko ibilgailuei KPIa igo zaie, eta zenbat eta zaldi fiskalak handitzearekin batera handitzen joango da zerga hau. Aldi berean lanerako erabiltzen diren zenbait ibilgailuei ez zaie igoerarik aplikatu (kamioien eta traktoreen kasua). Zerga honetan hobari berri bat ere jarriko da abian, kotxe elektrikoen kasuan, hain zuzen. Ingurugiroan duten eragin positiboagatik, %50 hobaria ematea onartu da.

            Hiri-Lurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga (Plusbalioa): Zerga honetan berrikuntza handiena, etxe-kaleratze kasuetan izango da. Kasu horietan zerga hau banku edo aurrezki kutxak ordaindu beharko du, eta ez etxe jabeek orain arte bezala.

            Eraikuntza, instalazio eta Obren gaineko zerga (ICIO): Foru Aldundiak onartzen digun maximoetan gaude, beraz, ez dago inongo igoerarik.

 

Tasei dagokionez, orokorrean KPI igoko dira, zenbait salbuespenekin. Hona hemen salbuespen aipagarrienak:

Kiroldegia. Hileroko kuotan ez da inongo igoerarik aplikatuko, BEZari dagokion legedi berria bakarrik aplikatu da (BEZa %8tik 21era igo da horrelako zerbitzuetan).

Ura. Saneamenduari dagokion tasa aplikatzen hasiko da Udala (Ur kontsortzioa osatzen duten udalerrietatik bakarra da itxuraz Zumaia, kontzeptu hau kobratzen ez duena). Hala ere, igoera ez da nabarmena izango, lehendik kobratzen zen uraren kontsumoa kontzeptua, bi kontzeptutan banatuko delako, eta horrela ur-kontsumoa, saneamendua eta kanona kontzeptuak izango ditugu.

Bestalde uraren kuota finkoa, lehen denentzat berdinak zen, orain instalazio bakoitzak jarrita duen ur hodiaren diametroaren araberakoa izango da, Dena dela, %88 etxebizitzek diametro estandarra dute jarrita (hau da 15 eta 20 mm) eta horiek lehen bezala edo gutxiago ordainduko dute.

Hemendik aurrera, ura kontsumoaren arabera ordaindu beharko da, ura oinarrizko zerbitzua da udal gobernuaren ustez eta, arrazoizko kontsumoa merke jartzea iritzi diogu, aldiz asko kontsumitzen duenak ordaintzearen aldekoak gara. Beraz, 3 tramu ezarri dira ur kontsumoari dagokionez, bakoitzean tasa ezberdinarekin (familia ugariek hobari bezala izango dute, beraien ur kontsumo guztiaren tasa, beti lehen tramu merkeeneko tasa izango da).

 

Behin-behinetik behin betikora

Azken plenoan Ordenantza Fiskal hauek Behin behinekoz onartu ondoren, orain 30 egunez Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean egon behar dute, inork edo nork zerbait esateko baldin badu. Denbora hau pasa ondoren,  alegaziorik ez bada, zuzenean behin betiko izatera pasatuko dira Ordenantza fiskalak. Alegazioren bat bada, berriro plenora emana behar dira alegazioei erantzuna emateko. Plenotik, abenduaren 31a baino lehen pasatu behar dira.

 

Adostasuna helburu

Zumaiako Udal Gobernuak “jarrera irekia” izan duela adierazi du Arritxu Gonzalez Ogasun zinegotziak:4 Ogasun Batzorde egiteaz gain plenoa hasi aurreko azken minutura arte zenbait puntu negoziatu dira eta baita akordioak lortu ere”, adierazi du. PSE-EE alderdiak “inolako ekarpenik” ez duela egin azaldu du, “eta EAJ alderdiak proposatutako emendakin asko kontuan hartu ditugu, EAJk plenoan aitortu zuen bezala”. Hala ere, ez zen nahikoa izan, eta EAJk Ordenantza Fiskalen kontra bozkatu zuen.Bukatzeko, herritarren mesederako lanean jarraituko dutela adierazi du Arritxu Gonzalezek: “Guk, gure aldetik, oso garbi daukagu herriaren mesederako diren proposamenak aintzat hartuko ditugula, proposamena datorren aldetik datorrela ere”.