2015-2025 BIHARKO ZUMAIARA BOGA PLAN ESTRATEGIKOA AURKEZTU DA GAUR ALONDEGIAN

2016/09/28

Planak 79 proiektu jasotzen ditu lehentasunaren arabera ordenatuta eta guztiek ere herritarren beharretara egokitutako etorkizuneko Zumaia eraikitzea dute helburu.

Era berean, udal gobernuak adierazi du bere hauteskunde programan jasotakoekin batera, Plan Estrategikoan baitan jasotzen diren proiektuak lehenetsiko dituela legealdi honetan.

Urtebeteko prozesu irekiaren ostean, gaur arratsaldean aurkeztu da Alondegian 2015-2025 Biharko Zumaiara Boga Plan Estrategikoa. Bertan diagnosi eta lanketa prozesuaren emaitzen berri jaso ahal izan dute herritarrek.

 

 

Proiektuaren garapena 2015ean hasi zen eta 2016ko irailera bitartean landu da. Aipatzekoa da udal gobernuak Plan Estrategikoaren ardura hartu bezain laster hainbat aldaketa egin zituela oinarrietan. Esate baterako, talde eragilean udal gobernuko arduraduna eta komunikazio arduraduna zeuden lehen eta ondoren, udal arkitektoa ere sartu zen. Herritarrei dagokienez prozesuan parte hartzeko ausaz aukeratu ziren pertsonak, partaidetza bermatu eta sexu eta adinaren arteko oreka gordetzeko. Hainbat alorretako adituak eta udal teknikariak ere inplikatu zituzten prozesuan, herriaren ikuspegi sakonago bat lortu ahal izateko.

Oinarri berriak finkatu ondoren, udalerriaren egoera ezagutzeko eta diagnostikoa egiteko hainbat pertsona elkarrizketatu ziren, gero, 18  bilera egin dira. Horietan  udal ordezkari politikoek, teknikariek eta herritarrek osatutako ia 200 lagunek jardun du apirila bitarte jardun Plana lantzen. Ondoren, bileratan jasotako herritarren ekarpen eta proposamenak aztertu eta lanketa politiko eta teknikoa egiteko beste hainbat bilera egin dituzte udal teknikari eta politikariek Elhuyar Aholkularitza enpresarekin batera.

Horiek horrela, diagnosi eta azterketa fase horien guztien emaitzak izan dira gaurkoan herritarrei azaldu zaizkienak. Planak 4 lerro estrategiko nagusi jasotzen ditu: Zumaia bizitzeko herria, elkarrekin bizitzeko herria, lan egiteko herria eta mundura irekita dagoen herria. Horien baitan 18 helburu estrategiko definitu dira eta guztiak betetzeko, lehentasunaren arabera ordenatutako 79 proiektu aurkeztu dira. Datorren urtetik 2025era bitarte aurrera eramatea aurreikusten du Planak. Udal gobernuak azpimarratu du, emaitzei aurre hartu  eta herritarren beharrei erantzuna emateko xedez, dagoeneko martxan jarri direla Planak jasotzen dituen hainbat proiektu, hala nola, argiteria publikoaren efizientzia, kontratuen eguneraketa edo enpleguaren sustapena; azken puntu horren inguruan, bilera bat egin berri du Udalak Mankomunitatearen lan poltsa berriari buruzko informazioa helarazteko.

Plan Estrategikoaren lanketa prozesu honen helburua guztion artean Etorkizuneko Zumaia eraikitzea da; herritarren bizi kalitatea du lehentasun, bertan bizitzeko eta lan egiteko aukerak, zerbitzuak eta azpiegiturak eskainiko ditu eta bereziki, zumaiarren ongizatea bermatuko du. Horretarako ezinbestekoa izan da herritarren behar eta proposamenak jasotzea. “Proiektu hau aurrera eramateko orduan herritarrak lehenetsi ditugu, izan ere, zumaiarren beharretara egokitutako udalerria eraikitzeko, ezinbestekoa baita beren kezka, nahi eta beharrak zeintzuk diren ezagutu eta horiek betetze aldera lan egitea; hori da gure xedea eta horretarako garatu dugu Plan Estrategikoa” adierazi du Oier Korta alkateak.

Amaitzeko, udal gobernuak eskerrak eman dizkie prozesu honetan parte hartu duten guztiei, baita aurkezpenera bertaratu direnei ere. “Herritar, teknikari eta politikari guztien partaidetza, lana eta inplikazioa ezinbestekoak izan dira Plan Estrategikoa aurrera eramateko eta guztien arteko elkarlanak oso emaitza positiboak izan ditu” azpimarratu du Kortak. Era berean, Udalak Planari jarraipena emango diola azaldu du, bertan jaso diren proiektuen eta ekintzen betetze maila aztertu eta horiek garatzeak herritarren bizi kalitatean duen eragina ezagutzeko. “Plan Estrategikoak etorkizuneko Zumaia eraikitzeko ibilbidea zehaztu eta herritarren bizi kalitatea hobetu nahi du eta hori betetzen dela ziurtatzeko ezinbestekotzat jo dugu proiektuen jarraipena egitea” adierazi du Kortak. Segimendu hau udal ordezkari politiko eta teknikoek osatutako talde eragileak egingo du eta beraiek arduratuko dira urtean behin ebaluazio txosten bat osatu eta honen emaitzak herritarrei aurkezteaz. “Planaren garapen prozesuarekin egin dugun bezala, aurrerantzean ere herritarrak informatuta eduki nahi ditugu, azken batean zumaiarrak eta euren ongizatea direlako proiektu honen ardatz eta xede nagusi” amaitu du Kortak. 

Emaitzen txostenak

PLAN ESTRATEGIKOA: Sintesi txostena (Irailak 28-2016)