2015eko tasa eta zergak izoztea erabaki du Udalak

2014/10/31

Tasa eta zergak aldatuko ez badira ere, zenbait hobari berri izango dira hurrengo urterako.

Beste behin ere Udaleko zerga eta tasak finkatzeko sasoia iritsi da, eta azken urteetan bezala KPIa hartu du Udal Gobernuak erreferentzi moduan, 2015eko ordenantza fiskalak zehazterako garaian. Nahiz eta jakitun izan, agian, ez dela erreferentzia egokiena, baina bai erabiliena, eta ez da beste ordezko egokiagorik aurkitu.

Urtero legez, abuztutik abuzturako KPIa (urtekoa alegia) hartu da erreferentzia, eta negatiboa izan denez, zerga eta tasak lantzeko irizpide nagusia IZOZKETA izan da. Krisialdi egoera batean jarraitzen dugu, eta soldata askoren erreferentzia KPIa izaten dela jakinda, ordenantza fiskalak bere horretan uztea erabaki du Udalak.

Teknikoki bai egin behar izan dira zenbait aldaketa ordenantzetan, zenbait tasetan aplikatzen ziren hobari edo bonifikazioak legez kanpokoak zirelako, eta teknikoki soluzio bat eman zaie gehien behar duten herritar horiek hobari gabe gelditu ez daitezen.

Oposizioaren ekarpenak ikusirik, eta legez onargarriak ziren ekarpenak kontutan hartuz, zenbait hobari berri sortu dira, jarraian, garrantzitsuenak:

· - Eguzki energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako ziurtagiria lortzen duten etxebizitzei urtebeteko IBIan %50eko hobaria egitea.

 

·      Merkataritza erabilerako lokalen eraberritzea edo egokitzapena dakartenean, eta obra horren ondorioz negozioaren jarraipena edo birzabaltzea dagoenean %0,5eko karga tasa minimoa aplikatzea.

Bukatzeko ezin ahaztu dezakegu, zerga eta tasa horien bitartez Zumaiako udalak jasotzen dituen diru sarrerak, Foru Aldundiaren ekarpenarekin batera izango direla datorren urterako aurrekontuak egiterako garaian, diru sarrera nagusiak, eta beraz, ordenantza horien irizpideekin bat etorri beharko dute laster landuko diren aurrekontuak.